argia.eus
INPRIMATU
Epai euskarafoboei eginiko kritikak ETArekin lotu ditu EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak
  • Kritika horietan “sufrimendua sozializatzeko estrategiaren” eta “epaileei zilegitasuna kentzeko kanpainen oihartzuna” atzematen dela adierazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohi Juan Luis Ibarrak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 27a
Juan Luis Ibarra, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohia. // Argazkia: Flickr CC BY 2.0

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente ohi Juan Luis Ibarrak adierazi du euskaldunen hizkuntza eskubideak murriztu dituzten azken epaiei gizartean eta euskalgintzan eginiko kritikak 1996 eta 2001 bitartean ENAMek —Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak— “euskal epailetza beldurtzeko erabilitako kanpainen oihartzuna" direla. Halaber, Buesa fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan Ibarrak azpimarratu du kritiketan “sufrimendua sozializatzeko estrategiaren kutsua” atzematen dela .

Iñigo Urkullu lehendakariak magistratuen euskararekiko "sentsibilitate falta" nabarmendu zuen. Bestalde, Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza sailburu Bingen Zupiriak iragarri zuen bi helegite aurkeztuko dituela EAEko Justizia Nagusiaren epaien aurka, euskal udaletan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren “hamar bat artikulu baliogabetzeagatik”. Halaber, Zupiriak adierazi zuen kezkagarriak direla euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duten epaiak eta jarrera politikoak.

Ibarrak kritika hauek parekatu ditu ENAMek eta ETAk botere judizialari “zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen” erdigunean, eta “sufrimendua sozializatzeko estrategiaren oihartzuna” direla azpimarratu du.

Epai euskarafoboen aurkako manifestazioa

Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa antolatu du azaroaren 4an, Bilbon. “Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituen epaien” aurkako protesta hainbat eragilek babestu dute, besteak beste ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, Olatu Koop eta EHko Pentsiodunek.