argia.eus
INPRIMATU
Eolikoen lasterketak ez du etenik: beste bi proiektu tramitatzen hasi dira Araban eta Bizkaian
  • Laminoriako lurretan Aixeindarrek zortzi dorre eoliko egiteko proiektua aurkeztu du Arabako Industria Administrazioaren ordezkaritzan. Bizkaian, Zallako zabortegitik gertu beste sei dorre eraiki nahi ditu Fisterra Energy multinazionalak, Euskal Haizie sozietatearen bidez.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urtarrilaren 04a
Zallako aerodromo zaharra dagoen eremuan joango litzateke Euskal Haizie sozietatearen zentral eolikoa (argazkia: Bidea Orientazio Kluba)

Zentral eolikoen proiektuak etengabe ari dira aurkezten azken hilabeteotan sektore horretan diharduten multinazional eta konpainiak, eta Eguberri egunak izanik ere, tramitazio eskaerekin jarraitu dute. Oraingoan, beste bi proiektu eraikitzeko asmoa erakutsi dute, bata Araban, Arraia-Maeztu. Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerrien lurretan, eta bestea Bizkaian, Gordexola, Zalla eta Gueñes artean.

Arabako proiektua Laminoriako lurretan joango litzateke eta Aixeindarrek bultzatu du, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Energiaren Erakundeak osaturiko sozietateak. Zortzi dorre izango lituzke zentral horrek eta 40 MW-ko indarra sortuko lukete dorre guztiek orotara. Asteartean argitaratu zuen Industria Administrazioaren Arabako lurralde ordezkariak baimen eskaera EAEko aldizkari ofizialean; jakinarazpen horrekin proiektua eraikitzeko lehen tramiteak martxan dira beraz.

Azazetako parke eolikoa bikoizteko proiektua

Laminoriako zentrala, Azazetakoaren ondoan joango litzateke, azken hau ere Aixeindarrek bultzatuta. Hau da, ofizialki bi parke eta proiektu ezberdin diren arren, denera 180 metroko garaiera duten 16 dorre eraikiko lirateke inguru horretan eta 80 MW-ko indarra sortuko lukete.

Arabako Aldundiak berrikitan ingurumen baimena eman dio Azazetako proiektuari, talde ekologistek sarritan salatu duten arren natur pasabide kritiko bat dela eta arriskuan dauden animalia espezieak kaltetuko lituzkeela zentralak, aldundiaren txostenak berak onartzen duen bezala. Ikusteke dago mendikatean aerosorgailu kopurua bikoizteak nola eragingo duen eskaera berri honen tramitazioan.

Eguen mendian sei dorre, Zallako zabortegiaren gainean

Asteazken honetan EAEko aldizkari ofizialak beste proiektu baten berri eman du, oraingoan Bizkaian. Zallan, Eguengo mugarri edo ilsoaren –aerodromo zaharra dagoen tokitik gertu– eta Rigadaseko gainaren artean kokatu nahi ditu sei haizerrota Fisterra Energy multinazionalak Euskal Haizie SL filialaren bidez, 36,6 MWko potentziarekin orotara.

Ingurua oso ezaguna da bertako herritar eta mendizaleentzat, hainbat natur ibilbide igarotzen baitira handik. Zallako Udalak duela urte gutxi interes botanikoko baso eremu bat sortu zuen Eguenen, hango biodibertsitate eta pasaiaz jabetzeko begiratokiekin.

Hain justu, mendilerro horren magalean dago, baita ere, Zallako Las Lagunas zabortegia, bertan izandako sute, kamioien trafiko eta irregulartasunengatik –besteak beste Zabalgarbiko erraustegiko eskoriak eramateko– makina bat kexa eta salaketa izan dituena.