argia.eus
INPRIMATU
Eolikoak jarri nahi dituzten Ezkeltzura irteera ekainaren 4an, Zizurkildik eta Usurbildik
  • Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak antolatuta, irteera berezia egingo dute Ezkeltzu ezagutzeko: hegaztiei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak emango dituzte ibilbidean zehar eta erakusketa ikusgai egongo den ukuiluan elkarrekin hamaiketakoa eginez biribilduko dute goiza.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 02a

Green Capital enpresak Ezkeltzun 200 metroko lau haize errota jartzeko proiektua aurkeztua du eta Jaurlaritzaren Industria sailaren erantzunaren zain dago. Bailarako herritarrak proiektu honek eragingo lituzkeen kalteez sentsibilizatzeko, hainbat ekintza egin ditu udaberri honetan Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak eta igande honetan egingo den ekimena da horietako bat. Irteera hau lehenago egitekoa zen, baina eguraldiak behartuta atzeratu zuten ekainaren 4ra: oraingoan goiz ederra pasatuko duten konfiantza du taldeak.

Hegaztiei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak

Ibilbide zirkularrean zehar, Ezkeltzun bizi diren hegaztiei buruzko azalpenak emango dituzte Itsas Enara elkarteko kide diren Kandido Aizpuruak eta Lukas Arbeloak. Elkarrizketa honetan irakur daiteke Itsas Enarako Aitor Leizak Ezkeltzuko hegaztiei buruz eman zuen hitzaldian egindako adierazpenak.

Erakusketako ataletako bat, bertan diren hegaztien berri ematen duena.

Ibilbidean zehar, Aranzadiko kidea den Manex Arrastoa historialariak Ezkeltzuko ondare arkeologikoari buruzko azalpenak emango ditu. Besteak beste, Saseta defentsa sistema osoan zehar inoiz aurkitu den material anitzena duen lubakia dago Ezkeltzun.

Erakusketako ataletako bat, arkeologia ondarea azaltzen duena.
Erakusketa ikusiz hamaiketakoa elkarrekin ukuiluan

Proiektuari eta eragingo dituen kalteari buruzko erakusketa prestatua du Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeak, eta ibilaldiaren amaieran ikusgai egongo da hamaiketakoa egingo den ukuiluan. Hemen ikus daiteke:

Irteera Zizurkildik eta Usurbildik

Irteerara ahalik kotxe gutxien eramateko eta bidea ezagutzen ez dutenak ere batu daitezen, abiatzeko erreferentzia hauek eman ditu antolakuntza taldeak:

Usurbildik abiatu nahi dutenak 9:00etan plazan elkartuko dira.

Zizurkildik abiatu nahi dutenak 9:30ean Pedro Mari Otaño plazan elkartuko dira.

10:00etan Ezkeltzuko magalera jotzea da ibilaldiarekin bat egiteko beste aukera (Zizurkil aldetik).