argia.eus
INPRIMATU
Eolikoak hauteskunde kanpainan
SaƱu Bizirik @sanu_bizirik 2023ko maiatzaren 22a

Badira hilabete batzuk eolikoen mehatxuarekin jabetu ginela, baita eraso honen aurrean antolatzen hasi ginela ere. Biak batera gertatu zirela esan genezake, proiektuaren berri jakitearekin batera piztu baitzen berau geldiarazteko grina.

Proiektua publiko egitearekin batera Azpeitiko Udalak eta Starkraftek proiektuaren zergatiak eta ezaugarri batzuk azaldu zizkiguten, eta horrek, urak baretzetik urrun, proiektua gelditzeko dagoen beharraren dimentsioak argitu zizkigun.

Udalak hasieratik eginiko adierazpenetan informazioa ez edukitzearen atzean eta oraindik egiteko zeuden ikerketetan babestu zuen bere burua. Informazio falta hori, ordea, ez zen oztopo izan propaganda politikoa egiteko, proiektu honek ekarriko dizkigun balizko onuren berri hasieratik izan baikenuen.

Informazio falta honi konponbidea ematen saiatuko zirela esan zuten, ahalik eta lasterren publiko egingo zutela esanez. Gaur da eguna, Sañuko eolikoen aurreproiektua gure eskuetara iritsi dela, eta ez udalaren eskutik, Industria Sailetik baizik. Hori errespetu falta izugarria iruditzen zaigu. Bi aukera daude hori horrela izateko: informazioa ezkutatu dute edo ez dira informazio hori eskuratzeaz arduratu. Bi aukerak oso kezkagarriak. Edozein eratara, udalek euren balorazioak egiteko, datu argigarriak ematen dituen aurreproiektua da.

Bestalde, oso deigarria izan da informazio hori gure eskuetara iritsi den garaia, hauteskunde bezperetan zehazki. Ez da hori izan, ordea, hauteskundeak baliatuz publiko egin duten txosten bakarra. Energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere oraintxe publikatu berri dute. Bi mugimendu horiek kutsu elektoralista nabarmena dutela deritzogu. Argi utzi nahi dugu LPS honek martxan dauden prozesu administratiboetan ez duela eragiten. Hau da, LPS hau ez da Oleta eta Sañun egin nahi diren zentralen eraikuntzarako oztopo izango.