argia.eus
INPRIMATU
Entzute metodologia: lehenik ingurukoen kezkak eta beharrak zein diren jakin, eta gero lanari ekin
  • Ekonomia eraldatzailearen Beterri-Buruntzako sareak antolatuta,  entzute prozesuen inguruan jardungo dute asteazken honetan Hernanin. Enpresa, kooperatiba eta ekintzaileentzako formazio saioa izango da: "Hartzen al dugu tarterik gure inguruari entzuteko?", galderari erantzungo diote, besteak beste.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 08a
Aurtengo lehen topaketan zein formazio saio jaso nahi zuten erabaki zuten Beterri-Buruntza eskualdeko kooperatiba eta proituetako kideek (argazkia: Beterri Saretuz / Bira produkzioak)

Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen sareak antolatuta, ez ohikoa den formazio saio teoriko-praktikoa egingo dute asteazken honetan Hernanin, Iturola Elkarlan Sorgunean, entzute metodologiaren inguruan.

Kooperatibak, eragileak eta ekintzaileak "helburuak finkatu eta ekimenak abiarazten ohituta daude", diote antolatzaileek. Ekin, ekin eta ekin. Hori izan ohi da proiektu askoren abiapuntu eta xedea. "Baina ba al dakigu zein diren ingurukoen kezkak eta beharrak? Eta horiek identifikatuz gero, modu berean egingo al genituzke gauzak?".

Entzute metodologiak proposatzen du erakunde eta enpresek euren proiektuak abiatu aurretik denbora tarte bat hartzea, lehenik eta behin "patxadaz" entzuteko proiektu horren parte diren aktore guztien iritzia.

Hernaniko saioa Emun kooperatibako Olatz Irizarrek gidatuko du eta, besteak beste, entzute prozesuetatik ateratako datuak eta informazioa nola prozesatu beharko liratekeen azalduko du.

Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa eta eragileei zuzendutako formazioa da honakoa, Beterri Saretuzek otsail eta martxoa artean antolatuko dituen hiru saioetan lehena, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta. Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen balioetan eta parte hartzean oinarrituriko eskualdeko ekosistema enpresarial bat sustatzeko sorturiko programa da.