Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets Aranguren aurkezleak eta EITBko irrati eta audio zuzendari Maite Goñik.
Arrazoi hauengatik jaso du saria BaDA!bil podcastak:
"Zerbait bada gure kriptonita, hori abiadura handia da.
Azkarregi goaz.
Presaka eta itolarrian.
Horrela dabil euskarazko kulturgintza (ere).
Gaurko notiziak datorren asterako zahar bihurtzen diren bezalatsu, aurten kaleratutako liburu bat, disko bat, edonolako artelan bat... ere, datorren urterako zaharra egin da.
Eta zaharra da, ez espresuki mila ikuspuntutatik aspertu arte aztertu dugulako, baizik eta iazkoa delako.
Gelditu makinak. Jarriko al gara pentsatzen, hausnartzen, hitz egiten? Euskal kulturgintzaren panoramaz, euskarazko kulturaren transmisioaz, adimen artifizialarekin gainera datorkigunaz, sorkuntzaren prekaritateaz, mainstream izateaz...
Azkarregi bagoaz ere, eztabaidatzeko espazioak behar ditugu. Kulturak salbatuko bagaitu, izan dadila gisa honetako gogoetengatik".
“Esaten da kultur mundua saretuta dagoela, bai, baina ez termino hauetan”. BaDA!bil podcasteko Amets Aranguren aurkezleak eta Asier Kortabarria Hiru Damatxo ekoiztetxeko kideak azaldu dute artistei zer ekarpen egin nahi izan dieten, Entzunezko Argia Saria jaso duen podcastarekin. Entzun saria jaso berritan esandakoak: