EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten agindua izan da, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, Euskadi Irratiko Faktoria saioan ostiralean Arzallusek kantatutako bertsoak saretik kentzea; Parot euskal preso askatu berriari buruzkoak ziren. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio administrazio kontseiluari urriaren 25eko saioan.
Urriaren 14an Ion Paroti eskaini zizkion bertso musikatuak Maddalen Arzallus bertsolariak Euskadi Irratiko Faktoria saioan. 32 urte kartzelan egon ostean, ostiralean utzi zuten baldintzapean aske. Bada, sare sozialetan polemika izan da erabiltzaile batzuek “terrorismoa goratzea” leporatu baitiote, Berria egunkariak jakinarazi duenez, eta EITBk bertsoak ezabatu ditu.
Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Twitter bidez baieztatu du hedabide publikoaren erabakia: “Bai. Maddalen Arzallus zentsuratu dute. Momentuz esan dezakegu EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten aginduz izan dela. EH Bilduk guztiaren gaineko argipena eskatuko du. Urriak 25eko Administrazio Kontseiluan zehazki”.
Gainera, Faktoria saioko Twitter kontua ere “aldi baterako mugatu du” sare sozial horrek. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo dute beste zenbait erabiltzailek, bai Twitterren partetik bai EITB hedabide publikoaren partetik.