Entzun aldizkariak jaso du 2015. urteko papereko Argia Saria. Urtean behin ateratzen duten urtekaria erreferentzia bilakatu da musikazaleen artean.
Krisi ekonomikoari, musika kontsumo ohitura berriei, interneten hazkundeari eta paperaren gainbeherari egokitu zaio Entzun! aldizkaria, eta paperezko bihilabetekaria urtekari da gaur egun. Mimoa mantendu dute ordea, Xabier Sagardia zuzendariaren hitzetan: “Ateratzen genuen ale bakarra berezia izatea nahi genuen”. Horretarako ezaugarriak ditu: liburu formatua, 144 orrialde eta musika disko osagarria, “urtean gertatutakoaren lagin txiki bat”.
Argitalpenaren zain dauden irakurle fidelak ditu urtekariak: “Esango nuke jendeak egiten duguna ezagutu eta baloratzen duela”. Horrek eta musikarako zaletasunak jarraitzera bultzatzen ditu: “Urtez urte bizi gara eta ez dugu harago begiratzen. Asmoa honi eustea da eta uste dugu euskal prentsan produktu espezializatuak egotea, nahiz txikiak izan, oso garrantzitsua dela”.
Epaimahaiaren arrazoiak:
Paperean argitaratzen den prentsa aldaketa fasean murgilduta dagoela ez da inolako sekretua. Sektore honetan lan egiten dugunok ezagutzen dugu nola aldatu den panorama duela urte batzuetatik eta aldatzen jarraituko duela ere gauza jakina da.
Badira aldaketa nola egin asmatzen dutenak, eta paperean zer eskaini ondo dakitenak. Hori da gaur sarituko dugun proiektuaren kasua. 2007an publikatzen zuten aldizkariak agur esan zuen, ordura arteko formatuan behintzat. Baina ez zen atzera pausoa izan fase berri baten hasiera baizik.
Urtean behin argitaratzen da geroztik eta zenbaki bakarrarekin bere esparruan erreferentziala izatea lortu du. Euskal musikan nor den nor jakiteko ezinbesteko bihurtzeraino. Luxuzko prentsa baita, munduan egiten diren antzeko ekoizpenei batere inbidiarik ez diona.
Prentsa musikal euskaldunari bide berriak erakusteagatik 2015eko ARGIA SARIA irabazi du Entzun urtekariak.