Jeneral ohia COVID-19ak jota hil da, hain zuzen ere, torturaren aurkako egunean. Intxaurrondoko kuarteleko burua izan zen eta torturaren ikur nagusietako bat izan da Euskal Herrian.
Rodríguez Galindo 1939an jaio zen Granadan eta aitaren ibilbidea jarraituz sartu zen guardia zibil. 1980an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren kuartelera, kuarteleko bigarren moduan. PSOEK 1982ko hauteskundeetan kargutik kendu nahi izan zuen, baina Fernando López Agudín Ministerioko prentsa arduradunaren arabera, “kargutik kentzea zaila zen”, “ETAri buruzko aditu nagusia zelako eta sekulako babesa zuelako Espainia osoan”. Sei urteren ostean, 1988an, kuarteleko buru izatera iritsi zen eta urte luzez mantendu zuen kargua.
1980ko hamarkadan zehar, guztira hogei domina jaso zituen. Besteak beste, Lasaren eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketa gertatu eta urtebetera, Felipe Gonzálezen gobernuak bereizgarri gorriko gurutzea eman zion, bizi osorako pentsioa ziurtatzen duena.
1996an Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala iheslariak bahitzeagatik eta hiltzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak eta 71 urteko zigorra ezarri zitzaion, geroago, 75 urtera igo zuen Auzitegi Gorenak. Galindok ez zuen inoiz onartu hilketekin zerikusia izan zuenik.
Senideek indultua eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak baztertzea erabaki eta hilabete gutxira, 2004ko urrian, espetxetik atera zen gaixotasunagatik eta urtebete geroago, hirugarren gradua eman zioten. 2013an ordea, baldintzapeko askatasuna eman zitzaion. Lau urte eta lau hilabete egin zituen guztira espetxean.
Horrez gain, GAL berdearekin lotura izateagatik inputatua ere izan zen, baina 2002an epaileak inputazioa kendu zion, delitu zehatzik leporatu ezin zitzaiolako eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatua zegoelako. Azkenean, auzia 2003an artxibatu zen. Narkotrafiko sareei lotuta egotea eta gizakien salerosketa leporatu zaizkio bere karreran zehar baina epaileek ez zuten inoiz horregatik kondenatu.
Jenerala torturaren ikur nagusietako bat izan da Euskal Herrian eta 900 pertsona inguru atxilotu zituen Intxaurrondoko kuartelean zegoela. ETAren aurkako borrokan heroi gisa aipatzen da oraindik Guardia Zibilaren argitalpen batzuetan. Torturaren Aurkako Egunean hil da Galindo, otsailaren 13an, 82 urte zituela.