2000 eta 2012 urteen artean Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari izandakoa Nafarroako parlamentuaren galderak erantzuten ari da gaur goizeko 9etatik. “CANen egindako kudeaketa bezeroentzat onena” izan zela esan du, Naiz.info-ren arabera, baita gaur egun etorkizuna bermatuko dion proiekturik onenean sarturik dagoela, Caixabank-enean, alegia.
Zuzendari ohiaren agerraldia Bilduk, Aralar-NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak (IE) eskatu dute. Hiru partiduetako ordezkariek atzo esan zutenez, agerraldia ikerketa-batzorde baten pean egin beharko litzateke, zuzendari ohiari egia esanarazteko modu bakarra bailitzateke hura. Agerraldiaren jarraipena egiten ari den Noticias de Navarra-n, Bilduko Maiorga Ramirezek atzo esandako hitzak ageri dira: “Ez lioke inork ikerketa-batzorde bati beldurrik eduki behar, ezkutatzeko ezer ez badu”.
Goñik irregulartasun eta ilegaltasun salaketa oro ukatu du, nahiz CANen porrotaren erantzukizuna bere gain hartu duen. Caixabanken fruituak jasotzeko pazientzia eskatu die nafarrei. Hala ere, “nire hitzek nafarrengan sinesgarritasun gutxi edukiko dutela badakit”, dio.
Bestalde, Nafarroako ustelkeria kasuen kontra lanean ari den Kontuz! plataformak Goñiri eskatu dio datu eta dokumentu zehatzak aurkeztu ditzala. Nafarroako parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egitera deitu dituzte herritarrak gaur goizeko 10etan.