Beterri Saretuz ekimenak antolatuta, enpresetako antolaketa ereduez hitz egiteko elkartu dira Beterri-Buruntza eskualdeko hainbat kooperatiba eta erakunde. Enpresen barruan dauden lidergoak zein diren eta nola funtzionatzen duten aztertu dute.
Ekonomia eraldatzailearen Beterri-Buruntza eskualdeko sareak Esperientzia trukeak antolatu ditu enpresen arteko ezagutza partekatzeko, "elkar entzun eta elkarrengandik ikasiz". Lehen saioa pasa den asteazkenean egin zuten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, antolaketa ereduak gaitzat hartuta.
“Eskualdeko erakundeak nola antolatzen garen, zer lidergo mota dugun, rolak nola banatzen ditugun… azken finean nola funtzionatzen dugun izan dugu hizpide”, azaldu du Uxune Alustiza Beterri Saretuzeko kideak. Pozik agertu da eta lehen pausotzat dauka: “Gustura atera gara, elkar ezagutu dugu eta orain badakigu bakoitza zertan ari den. Saio honek eman ez duena sakontzeko aukera izango dugu hemendik aurrera, gure artean elkartuz”.
Hurrengo saioak: bazkidetza prozesuak, inklusioa...
Otsailean abiatu zuen urte Beterri Saretuzek Usurbilen, eta bere partaideek erabaki zuten zein arlotan sakondu eta jasoko zuten formazioa hurrengo asteetan. Hala, ekainaren 1era bitartean hainbat "esperientza truke" egingo dituzte gai horien inguruan, eta Andoaingoa izan da lehena.
Maiatzaren 4an, berriz, bazkidetza prozesuak landuko dituzte Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean: “Zein bazkidetza prozesu eta irizpide ditugu gure enpresetako ereduen artean? Zeintzuk dira gure zailtasunak? Nola egiten dute eskualdeko gainerako enpresek?”, horiek dira erantzuten saiatuko diren galderetako batzuk, Emun kooperatibako kideek dinamizaturik. Izena emateko epea zabalik dago oraindik.
Horrez gain, laneko inklusioa ardatz hartuta ere ariko dira beste saio batean, maiatzaren 11n, eta ekainaren 1ean itxiko dute zikloa, Beterri Saretuzeko eskualdeko emakumeen foroarekin.