argia.eus
INPRIMATU
Enpresetan atzemandako zerga iruzurra nabarmen hazi da Araban
  • Arabako Foru Aldundiak enpresen zerga jardueraren kontrola zorroztuko zuela iragarri zuen iaz, eta aurtengo iruzurraren aurkako kanpainaren datuetan islatu da. Ikuskaritzak 77 milioi euroko iruzurra atzeman du eta horietatik 53 sozietate zergakoak dira, iaz baino 40 milioi gehiago.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 21a
Jose Luis Cimiano eta Josu Zubilaga (Arg.: Efe)

Datuekin batera aurtengo planaren berri eman du Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun ahaldunak. Aurten enpresen kontrolerako hartutako neurrietan sakonduko dute, baita neurri berriak ezarri ere. Multinazionalen herrialdez herrialdeko emaitzak bilduko dituzte, irabaziak lekualdatzeko estrategiak saihesteko; eta enpresen birmoldatzeak eta kenkariak aztertuko dituzte eta zordun diren sozietateei ikuskaritza berriak egingo dizkiete.

Cimianok iragarri du 2018. urterako Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin martxan jarriko dutela BEZaren kontrol jarraia bideratzeko sistema berria. Bizkaiko Foru Aldundiak ere kontabilitate bikoitza duten enpresen gaineko presioa handitu nahi du eta, horretarako, %2tik %20ra igoko du software iruzurtiak dituzten enpresen aurkako zigorra.