Batetik bostera puntuatu beharreko hainbat galdera jasotzen ditu InHerSight webguneak. Test erraz horren bidez, enpresa eta konpainia handietan langile emakumeek jasaten duten diskriminazio maila neurtu daiteke.
Profesionalki mailaz igotzeko aukerarik duzu? Kargu altuetan zenbat emakume daude zure enpresan? Amatasuna lan munduarekin kontziliatzeko erraztasunak dituzu? Soldatetan diskriminaziorik ematen al da?... Arlo ugari ukitzen ditu testak eta iruzkinak ere utzi daitezke, lanean bizitako esperientziak kontatuz.
Google, Coca Cola eta The New York Times, testeatuen artean
Bi helburu nagusi ditu ekimenak: lan munduan dagoen sexismoa ikusaraztea eta enpresak bultzatzea arazoari aurre egiteko neurriak hartzera. Horretarako, bildutako datuak publikoak dira, eta dagoeneko Google, Apple, Comcast (kable bidezko telebista), The New York Times edo Coca Cola bezalako enpresa erraldoietako langileek egin dute froga.
Urtarrilean sortu zuen webgunea Ursula Mead estatubatuarrak eta oraingoz AEBetako enpresak bakarrik ebaluatu daitezke, baina beste herrialdeetara zabaltzea da asmoa.