Sozietateen Gaineko Zergaren %60ko dedukzioa onartu zuten asteazkenean Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2019 urteko emaitzei dagokienean. Bizkaiko Aldundiak apirilean eta maiatzean onartutako ez-ohiko zerga-neurriak aurrera atera dituzte eta enpresek gutxiago ordaindu beharko dute beren etekinengatik. ELA sindikatuak ohartarazi du horrelako erabakien ondorioz "murrizketa sozialak" etor daitezkeela.
EAJ, PP eta PSEren baiezko botoekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen kontrakoarekin, aurrera atera ziren asteazkenean Bizkaiko Batzar Nagusietan Aldundiak proposaturiko neurri fiskal sorta, koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuaren esanetan, neurri horiek "helburu bezala dute berreskuratze ekonomikoa ahalik eta azkarrena izatea".
Mikroenpresak eta familiak laguntzeko edo enplegua sortzeko kenkariak onartu dituzte Batzar Nagusietan. Baina neurri guztien artean nabarmentzen da Sozietateen Gaineko Zergaren 2019ko etekinei %60ko dedukzioa egin ahal izatea enpresek, baldin eta euren kontabilitatearen emaitza erdira jaitsi bada eta I+Gra inbertitzen badute. EH Bilduk "epe motzera" begirako neurriak hartzea leporatu die gobernuan dauden alderdiei.
ELAk ere gogor kritikatu du enpresen etekinei zergak jaitsi izana: “Erabakia bidegabea, elkartasunaren aurkakoa eta uneotan egin behar denaren kontrakoa” dela azaldu du Mikel Novalek. Sindikatuak ohartarazi du halako neurriek "murrizketa sozial" gehiago ekarriko dituztela: “Diru sarrerak gehitzeko zerga erreformarik egiten ez bada aurtengo diru bilketan aurreikusi den jaitsierak –3.000 bat milioi EAE mailan– murrizketa latzak ekarriko ditu".
2008ko krisiarekin gertatutako gogorarazi du ELAk, defizitaren eta zorraren ondorioz osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan murrizketak egin zirela esanez.
Sozietateen Gaineko Zerga 2017an aldatu zuten EAJ, PSE eta PPren artean egindako itunaren ondorioz; konpainia handiei tasa nominala %28tik %24ra jaistea onartu zuten ordukoan. Azken urteetan EAEn tributatzen duten enpresek euren etekinengatik ordaintzen duten kopuru globala erdira jaitsi da –2007an 2.000 milioi eurotik gora jartzen zuten EAEn eta 2016an berriz 1.000 milioi inguru–, eta bilakaerak beheraka segiko duela dirudi, ekonomia berraktibatzeko "iniziatiba pribatuan" oinarritu nahi baitute agintean daudenek, EAJko batzarkide Jon Andoni Atutxak esandakoaren arabera.