argia.eus
INPRIMATU
USTELKERIA: Javi Aguillo Fernández de Gorostiza ADI! Elkarteko kidea
“Enpresei fabore tratua eta enpresak mesedeak bueltan: hori da EAJren ekonomia zirkularra”

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko uztailaren 01
Gipuzkoako EAJko buru Joseba Egibarrek Alfredo de Migueli babesa eskaini zion 2011ko apirilean.

Zein izan dira legealdi honetako gertakari esanguratsuenak ustelkeriaren esparruan?

Osakidetzaren oposaketetako iruzurra, Zaldibarko zabortegiaren kasuan egon daitezkeen irregulartasunak eta Montai enpresari egindako esleipenen ikerketa. Hala ere, Justiziaren geldotasuna dela eta, De Miguel auzia, Gipuzkoako Ogasunaren kontrako Bravo auzia eta Alonsotegikoa izan dira epaiketa garrantzitsuenak. Guztietan daude EAJko kideak auzipetuta, erantzukizuneko karguak zituztenak alderdiaren barruan edo kudeaketa publikoko postuetan.

De Miguel kasuaz zer balorazio egiten duzue?

Euskal Herrian epaitutako ustelkeria kasurik handiena da, 26 auzipeturekin, tartean EAJrekin lotura zuzena duten burukideak eta kargu publikoak. Epaiak argi utzi zuen antolatutako sarea zegoela. Ez da kasu isolatua, hala erakusten dute EAJrekin zerikusia duten pertsonei lotutako kasu ugarik: Marguello kasua, Osakidetza, Karrantzako Purines, Hiriko eta Epsilon, Cabieces kasua... Guztietan modus operandi bera izan dute.

Gasteizko epaiketan –eta aurretiko prozeduran– fiskalak beharrezko bitartekorik gabe lan egin zuen eta kereila jartzeko mehatxu egin zuten, Ertzaintzaren lana zalantzan jarri zen, lekuko nagusiak hertsapen ugari jaso zuen... Ez da muinera iristeko interesik izan: alderdi politiko baten kudeaketa-eredua, 40 urte daramatzana euskal erakunde publikoak bezero-sare baten pean bere probetxurako kudeatzen. Hurbileko enpresei fabore-tratua ematen die, eta gero enpresek mesedeak bueltatzen dituzte dohaintza eta abarren bidez: EAJren ekonomia zirkularra.

Zein izan da Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren jarrera publiko egin diren ustelkeria kasuen aurrean?

Espainiako Estatuan ustelkeriaren aurrean PPk edo PSOEk duten jarreraren antzekoa du EAJk. Lehen urratsa alderdia kasuetatik bereiztea eta portaera indibidual gisa aurkeztea da. Batetik Justiziaren ikerketa babestu, eta errugabetasun-presuntzioa bestetik. Baina aldi berean, isilpean, auzipetuak babesten ditu abokatuak erraztuz, informazioa dosifikatzen eta manipulatzen du hedabide publikoen bidez, fiskalak presionatzen ditu, salatzaileak hertsatu. Ez beren kargu publikoek bidez, baizik eta alderdiko 'iturginak' edo beste militante batzuk baliatuz.

Legealdi honetan ustelkeria oztopatzeko neurririk hartu al da?

Ez da neurririk ezarri eta ez dute hartzeko asmorik, besteak beste presio sozialaren ahuleziagatik eta euskal erakundeetan oposizioak egiten duen lan ahulagatik. Eusko Jaurlaritzak, EAJren eta PSEren gidaritzapean, eskola-jantokietako iruzurrari buruzko batzordea baino ez du onartu legegintzaldi honetan, oposizioak behartuta. Osakidetzako iruzurrari ikertzeko batzordea osatzeko proposamena atzera bota du, beste horrenbeste ustelkeria salatzaileak babesteko lege proposamenari dagokionez. Duela gutxi, EAJk eta PSEk EAEn ustelkeriaren aurkako Fiskaltza sortzearen aurka egin zuten Arabako Batzar Nagusietan. Zeren beldur dira? Zer ezkutatzen dute?