EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen lege proposamenak EAEko enpresen hizkuntza-betebeharrak zehaztea du helburu, kontsumitzaileek informazioa euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.
EAEko biztanleei begira aritzen diren enpresa eta establezimendu guztiei ezarriko lieke legeak bezeroekiko harremanak euskaraz ere eskaintzeko betebeharra, “betiere malgutasunez, inposaketarik gabe eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta".
Onartzeke dagoen proposamenak urtebeteko epea ematen die enpresei euren bezeroekiko idatzizko harremanak euskaraz eskaintzeko. Ahozko komunikazioaren kasuan, urtebete izango lukete 50 langile baino gehiagoko enpresek; bi urte 5 eta 50 langile artekoek eta lau urte 5 langile baino gutxiagokoek.
Komunikazio-operadoreek, energia-konpainiek eta finantza-erakundeek, soilik, jasoko lituzkete 6.000 euroko isunak urtebetean euskarazko idatzizko harremana bermatu ezean. Telefono-operadoreen eta finantza-erakundeen kasuetan, bi urtean ahozko komunikazioren kasuan legea beteko ez balute 6.000 euroko isunak aurreikusten dira. Konpainia hauen kasuan bakarrik ezarriko lirateke isunak legea bete ezean, zerbitzu unibertsalak eta interes orokorrekoak eskaintzen dituztelako.
Jaurlaritzak 2008an onartu zuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko dekretua baina Eusko Jaurlaritzak onartu duenez, betetze-maila eskasa izan du.
Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua sortzeko proposamena
Lege proposamenak Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua sortzea ere proposatzen du. Euren borondatez euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen duten jendeari begirako enpresei eta establezimenduei begirako ziurtagiria izango litzateke.