argia.eus
INPRIMATU
Enpresaburu bat atxilotu dute Bizkaian zortzi behargin esplotatzea egotzita
  • Lau langile migratzaileak dira, eta ez zeukaten egoitza-baimenik ezta kontraturik ere. Ustez, Zamudioko Ajos y Cebollas del Txorierri enpresaren lantegian giltzapetuta zeuzkan negozioaren jabeak, eta 26 orduz jarraian behartzen zituen lan egitera. Enpresaburuak salaketak faltsuak direla esan du, eta epaitegian deklaratu beharko du.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 27a
Argazkia: ElDiario.es

Espainiako Poliziak enpresari bat atxilotu du abuztuaren 17an Zamudioko (Bizkaia) bere lantegian beharginak esplotatzeagatik. Ugaldeguren industrialguneko Ajos y Cebollas del Txorierri enpresan elikagaiak ontziratu eta manipulatzen lan egiten zuten zortzi langileek.

Horietatik lau etorkinak ziren. Ez zeukaten egoitza-baimenik ezta kontraturik ere, eta enpresariak hori baliatu zuen lan baldintza zaurgarriak mantentzeko. “Maratoiak” egin behar zituzten langileek: goizeko zazpietan hasi eta hurrengo eguneko goizeko bederatzietan bukatu. Salaketaren arabera, 26 orduz jarraian behartzen zituen lan egitera, eta bost euro ematen zizkien ordu horretako bakoitzagatik.

Etorkinek enpresan bertan egiten zuten lo, giltzapetuta, eta ezin zuten enpresari ezta bere kokalekuari buruzko daturik eman. Lan istripuren bat sufritzen bazuten ere, medikuarenera joaten zirenean, informaziorik ez ematera derrigortzen zituen lantegiaren jabeak, A.Rodriguezek. 

Enpresari bizkaitarrak, ordea, salaketak faltsuak direla esan du. Eldiario.es hedabideari azaldu dionez, egia da lau langile kontraturik gabe zeuzkala, baina esan du berak ez zuela inor esplotatzen. "Ezartzen ei genien lanaldi luzea gezurra da. Hori ez. Hemen jendea nahi zuenean etortzen zen lanera, eta nahi zuenean egiten zuen alde. Inor ez da 26 orduz jarraian lanean egon”. Bestalde, Rodriguezek enpresaren barruan dagoen pertsona bati egotzi dio gertatuaren errua: salaketak Ajos y Cebollas del Txorierriren izen onari min emateko prestatu duten plana dira.

Ikerketa

EAEko Gobernuaren Ordezkaritzak asteazkenean iragarri zuenez, langileak izan ziren enpresaburua salatu zutenak. Espainiako Poliziaren Bilboko egoitzara joan, eta gertatzen ari zena kontatu zieten. Abuztuaren 17a baino lehen, Bilboko Atzerritarren eta Mugen brigadako agenteak eta Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako funtzionarioak lantegira sartu ziren.

Epaiketari begira

Poliziaren aurrean deklaratu ostean, enpresaburua aske gelditu da. Baina, oraindik, epaitegi aurrean agertu beharko da: langileen eskubideen aurkako delitu bat egozten zaio, eta Gizarte Segurantzako eta lan eremuko legedia hausteagatik 70.000 euroko isuna ezarri diezaiokete. Bitartean, ikertzaileek lekuko babestutzat hartu dituzte salaketa egin duten langileak, errepresaliak ekiditeko asmoz.