argia.eus
INPRIMATU
Enpresa publikoak eraitsiko du Garoña, 40 urtez Iberdrola eta Endesak ustiatu ondoren
  • Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe plataformak.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 18a
Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra

Garoña eraisteko baimena eman du astelehenean Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoarako Ministerioak (MITECO). Horrekin batera, instalazioaren titulartasuna Nuclenorrena (Iberdrola eta Endesarena) izatetik Enresa enpresa prublikoarena izatera igaro da.

Berriak argitaratutakoaren arabera, kritiko mintzatu da Araba Garoña Gabe plataforma horren inguruan: “Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla; hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urtean jasotako etekinetatik”.

Oraindik ere arriskua

Hondakinen kudeaketa “ehunka urtez” luzatuko dela azaldu du plataformak. Gainera, horretarako eraiki duten biltegi batera mugituko dute erregaia, eta ondorioz Nuclenorrek “hilerri nuklearra” utziko duela salatu du. Hau da, hilerriak ekarri ditzakeen “kutsadura erradiologikoak” arriskutsuak izan daitezkeela azpimarratu du.