Azkenaldian Solaria energia berriztagarrien enpresako ordezkari den Aitor Uriarteren agerpenak izan ditugu hedabideetan, gauzatu nahi dituzten makroproiektuen onuren gorazarre egiten. Maiatzaren 28ko Radio Euskadiko agerpenaren kasuan, auzo-lotsa sakona sentitu nuen. Hor dauka interneten entzun nahi duenak. "Bi aldeen kontsulta" bezala saldu nahi izan zigutena, funtsean Solariaren aldeko publierreportajetxo bat baino ez zen izan. Diputatu orokorrarengandik eta herrietako alkateengandik iritzia audioetan jaso, eta Solariako ordezkariari lehenek esandakoaren gain bere argumentuak lantzeko moduak ematearen ariketa baino ez zen izan, Iñaki Espiga kazetariaren laguntza estimatuarekin. Jakin nahiko nuke diputatuari eta alkateei, iritziak jaso zizkietenean, jasoriko audioak zertarako erabiltzekotan zeuden azaldu ote zieten.
Azken horiek teatro honetan jokatzen zuten papera, borondatezkoa edo oharkabekoa, jada prestaturiko erantzunetarako galderak paratzen dituen koruarena izan zen; jakitun adituak lasaituko duen ezjakin beldurtu gizagaixoarena. Eta guztia egituratzeko, aurrez zehazturiko ondorioetara heltzeko funtsezko moduetariko bat erabili zuten: premisa faltsuetatik abiatzea. Hala, behin eta berriro errepikatu ziguten ideietariko bat, "beste aukerarik ez dagoela" izan zen. Europak dioela, 2030erako energiaren %30 berriztagarrietatik atera behar dela, eta hori dela eta makromuntaien kalteak justifikatuta daudela. Eusko Jaurlaritzak ez dituela Europatik bidaliriko etxeko lanak egin, eta Solaria, energiaren isurketak planteatzen dituen zailtasunak gainditurik, gu salbatzera datorrela. Pentsa, Solariarentzat "proyecto estratégico como país" omen da hau (etekinek ez daukate zerikusirik, antza), eta hargatik arlo publikoaren parte-hartzea nahiko omen lukete (jada urteak direla gauzatua dena, Energiaren Euskal Erakundearekin batera Indarberri elkartea sortua baitute). Eta tonu paternalistaraino ere helduko zaigu. Jendea kexuka entzuten duela egin beharrekoak gustatzen ez zaizkiolako, baina ostera, inoren aldetik soluziorik nahiz konpromisorik ez duela entzuten. Eta kontsumitzaileek ere erantzule izan behar dutela, etab., etab.
Publizitate kanpaina badaukagu jada martxan, eta antza, hedabide publikoak ere kanpainaren parte dira. Funtsezko xedea, barrenean, entzuleen buruan trantsizio energetikorako eredu posible bakar bat dagoela txertatzea dugu
Publizitate kanpaina badaukagu jada martxan, eta antza, hedabide publikoak ere kanpainaren parte dira. Funtsezko xedea, barrenean, entzuleen buruan trantsizio energetikorako eredu posible bakar bat dagoela txertatzea dugu. Aukera bakarra makromuntaiak direla, eta kokatzen diren lekuetako biztanleak kexatuko direla, baina onura handiago baterako sakrifikatu beharko direla.
Baina ez da inondik ere egia. Bestelako aukerak egon, badaude. Zeharo nabaria da industrialdeetan eta gune urbanoetan teilatuak aski badirela eguzki energiaz probesteko, eta eolikoekin ere badirela beste eskala eta kokapenetarako aukerak. Eta halakoen kudeaketa gauzatzeko ereduak ere badira aski, bilatu nahi izanez gero. Gertatzen dena da, eredu horiek, orokorrean, energiaren jasotzea eta kudeaketa modu kolektiboan gauzatzerako joera azaltzen dutela, eskala txikiagoetan, eta Solaria bezalako enpresa energetiko handienganako dependentziaren gutxitzea eragiten dutela. Gauzak hala, printzipioz –edo idealki– behintzat, instituzio publiko batek, sostengatzen duen biztanleriak dependentzia nozitu baino askatasunaz gozatu dezan, produkzio eta kontsumorako eskala txikiagoko ereduen alde egin beharko luke. Baina noski, instituzioa bera enpresa handien etekinak partekatzera iragaten bada...
Eskala txikiagoetan, gainera, nekazaritza eta natur eremuei eragiten zaien kaltea jasangarriagoa da. Zigoitiaren kasuan, plakaz estaltzekotan dauden eremuan gizakiok eta animaliek (oreinak, basurdeak, azeriak, erbiak, hegaztiak...) partekatzen ditugun pistak, bidexkak eta natur inguruak ditugu, nekazaritza eremuekin uztarturik. Ggb. 110 futbol zelairen tamainako estaldura bat ipintzen badigute, hesituta noski, nekazaritza lurrak galdu, eta horiekin eta bertako natur eremuekin daukagun elkarrekintza pikutara doakigu zeharo. Tira, eta ondare kulturalekiko kalteak ere aipatu litezke, eta ekonomiaren alorrekoak, baita noski osasunarendako kalteak ere, etab. Ez gaitezen engainatu. Makroproiektuek, "makrokalteak" dakartzate. Kontua da orain arte muntaia honen aurrerapen isilean parte hartu duten partidu politikoetako agintari nagusiei eta hedabide printzipalei, orain berriro parlamentu europarrerako botoa eskatu diguten horiei, kalte hauek zipitzik inporta ote zaizkien... Jarrai beza teatroak, "The show must go on"!
Mikel Larrañaga Arregi, Filosofian lizentziatua eta Historian doktorea