argia.eus
INPRIMATU
Enpresa pribatu batek Legution eraiki nahi duen zentral eolikoaren aurka azaldu da Udala
  • Legutioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio energia berriztagarriaren hedapen ordenatua planifikatzeko, beti ere kontrol publikoa bermatuz eta ingurune naturala errespetatuz.

Hala Bedi @halabedi 2022ko martxoaren 03a

Legutioko Udalak baztertu egin du herri lurretan zentral eoliko bat jartzeko Plauri Energy S.L.U. enpresak aurkeztu duen proiektua. Horrela jaso da Udal Gobernuak aurkeztu eta hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioan. Arrazoitu dutenez, energia berriztagarriaren hedapenerako planifikazio ordenaturik ez egoteak eragiten duena zera da: ekoizpen berriztagarriko proiektuak modu desordenatuan instalatzea eta ekimen pribatuen biderkatzea.

Hori dela eta, Legutioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «Aldundiekin eta Toki Erakundeekin batera, energia berriztagarriko sistemen hedapen ordenatua planifikatzeko, beti ere kontrol publikoa bermatuz eta lurraldea eta ingurune naturala errespetatuz». Era berean, erakundeei eskatu die «tokiko energia komunitateak bultzatzeko laguntzen deialdiak sustatu ditzatela».

Joan den otsailean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian «Kastilloko parke eolikorako» aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera. Enpresa eskatzailea Plauri Energy, S.L.U. da, eta guztira 22,5 megawatt-eko potentzia duten bost aerosorgailu jartzeko asmoa du. Enpresa honek Pozuelo de Alarcónen (Madril) du egoitza soziala, eta Legutioko Udalarekin aldez aurretik komunikaziorik edo kontsultarik izan gabe ekin dio prozedurari. Plauri Energy enpresa Capital Energyren filiala da, eta antzeko beste parke eoliko bat egiteko asmoa du Araban, Laudiotik Orozkora.

Zentral eolikoak Araban

Une honetan, zazpi dira Araban egin nahi diren parke eolikoak. Ainxeindar sozietateak (Eusko Jaurlaritza eta Iberdrola) Azazetan, Labrazan eta Arlabango mendilerroan ditu proiektuak. Uko egin behar izan die, azken hilabeteetan, Arkamo mendilerroan eta Iturrieta mendietan egin nahi zituenei, ingurumenari eragingo liokeen kalteagatik. Bestalde, enpresa pribatuek Aramaion eta Cantoblancon jarri nahi dituzte zentralak.

Jakina denez, zeresan handia eman du proiektu horien aurka egon den herri-erantzunak. Hainbat izan dira azken hilabeteetan egindako ekimenak, manifestazioak eta elkarretaratzeak energia berriztagarriak natura eta interes publikoa lehenetsiz ezarri daitezen, ez enpresa pribatuen interesen mesedetan.