argia.eus
INPRIMATU
Enpresa industrialei ateak irekita mantentzeko aukera eskaini die Espainiako Gobernuak
  • Funtsezkoa ez den aktibitate ekonomikoa gelditzeko Errege Dekretuari "salbuespen" batzuk dituela esan du Sánchezen Gobernuak asteartean azken orduan: jarduera hori hornitzen duten enpresek ere irekita jarraitu ahal izango dute gutxieneko batekin.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 01
Metalurgiako lantegiak irekita mantendu daitezkeela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak (ar.: Olaberriko ArcelorMittal)

Eusko Jaurlaritzak azken zehaztapen horri heldu dio enpresen ateak guztiz ez ixteko eskariari erantzuten diola esateko. Ekonomia Garapen sailburu Arantxa Tapiak gutuna bidali die astearte arratsaldean enpresa batzuen ordezkariei eta EAEn Espainiako Gobernuko delegatuari, gutxieneko jarduera ez dezatela eten eskatuz.

Espainiako Gobernuko Ekonomia ministro Nadia Calviñok, Errege Dekretuaren beste "interpretazio" bat egin du azken orduan, eta funtsezkoak diren ekonomia jardueren katea hornitzen duten enpresek euren aktibitatearekin jarraitu ahal izango dutela ziurtatu du: "Manufaktura-industria funtsezkotzat jotzen da bere jarduera beharrezkoa den heinean, eta funtsezko sektoreak garatzeko beharrezkoak diren ondasun eta materialez hornitzera bideratuta dago". Horrez gain, esportazioari emanak direnak ere irekita jarraitu ahal izango dute, "nazioarteko kontratuen konpromisoak" bete ahal izateko, interpretazio horren arabera.

Jarduera hori, baina, gutxienekoa izango da, igande eta jai egunetan egin ohi den erritmora eta txandak egokituz mugikortasuna ahalik eta gehien gutxitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, horrek bide ematen die enpresa handi ugariri aktibitatearekin jarraitzeko, besteak beste, industria elektro-intentsiboaren sektorean metalurgia sartzen baita, Euskal Herrian pisu handikoa.