argia.eus
INPRIMATU
Enpresa gezurrak lan absentismoari buruz
  • Pandemia honek absentismoa areagotu duela dio Confebaskek, mesedegarriak zaizkien gezurrak zabalduz

Jon Bernat Zubiri Rey @jonbernat Endika Alabort Amundarain @autogestioa Maitane Jaio Atela Eki Etxebarria Respaldiza 2021eko apirilaren 06a
Langilea amianto xaflak kentzen (arg: El Salto / David F. Sabadell)

Elkarrizketa bat egin diote Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteari Estrategia Empresarial aldizkarian, eta salatu du Euskadin lan absentismo handia dagoela. “Arazo larria dugu. Absentismo maila oso handiak ditugu, ekartzen dutenak kostu erantsi oso handia eta lehiarako desabantaila. Historikoki, eta ulertezina bada ere, gure absentismo mailek nabarmen gainditzen dituzte gureen antzeko ekoizpen plantak, prozesuak eta lan baldintzak dituzten beste leku batzuetakoak. Hori ezin da ulertu. Beharbada, pertsona jakin batzuek ez dute behar besteko garrantziaz baloratzen lana, jarrera eta sozialki horrelako jokabide batzuk. Gainera, pandemia honek absentismoa areagotu du, aurreikusi bezala”, esan du Zubiaurrek. Enegarren aldia da patronaletik hain mesedegarri zaizkien hitzak haizatzen dituztena. Egia al da Zubiaurrek dioena? Goazen zatika.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak honela definitzen du absentismoa: “Lanera joan behar duen langile bat lanera ez joatea”. Definizioa oso orokorra da, ez da batere ona. Izan ere, bi lan absentismo mota bereizi beharko lirateke. Alde batetik, justifikatua dagoen absentismoa; hau da, langilea ez da bere lanpostuan agertzen, eta bere absentziaren berri ematen dio enpresari, justifikazio batekin. Kasu honetan, langileen eskubideak daude tartean, hala nola oporrak, gaixoaldi bajak, ordaindutako baimenak eta abar. Bestetik, justifikatu gabeko absentismoa dugu: langilea ez da bere lanpostuan aurkezten, eta ez du abisatzen, ezta justifikaziorik aurkezten ere.

Patronalek absentismoaz hitz egiten dutenean, zergatik ez dute hori argitzen? Lan absentismoaren irudi faltsua eman nahi dutelako. Hau da, bi absentismo motak (justifikatua eta justifikatu gabea) elkarrekin kontabilizatzen dituzte; aldiz, proposatzen dituzten neurri guztiak kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunagatiko bajei dagozkie.

Addecoren ikerketa

Gaiari buruzko argitalpenei erreparatuz gero, metodologikoki gaizki eginda daude. Horren adibidea da Adeccoren ikerketa. Enpresa osasungarriari eta absentismoaren kudeaketari buruzko Adecco txostenean diote ez dagoela kalkulu estatistiko ofizialik, eta egia da. Nolanahi ere, badaude gaia jorratzen duten estatistika publikoak (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarenak), eta, hala ere, horiek alde batera uzten dituzte eta esaten dute absentismoa iturri ofizialetatik ondorioztatutako datuen bidez aztertzeko modu bat dela INEren Lan Kostuen Hiru Hileko Inkestari begiratzea. Galdetegi hori enpresaburuek osatzen dute, eta, beraz, ezin da haren egiazkotasuna frogatu. Gainera, datu horiek ez dira baliagarriak; izan ere, enpresen % 0,47tan baino ez dira oinarritzen, eta 500 langiletik gorako enpresak soilik hartzen dituzte kontuan.

Bestalde, enpresa tesietarako irudi hobea lortzeko, Adeccok funtsezko bi elementu ezabatzen ditu: bat, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunagatik lan egin gabeko orduak; eta bigarrena aparteko orduak dira. Hori da azterlan horren oinarria, eta absentismoaren barruan sartzen ditu, besteak beste, amatasunagatik eta ordaindutako baimenengatik lan egin gabeko orduak.

“Absentismoa murrizteko modu bakarra osasunerako eta zaintzarako dugun eskubideari uko egitea da”

Hala ere, aldi baterako laneko enpresa horiek ematen dizkiguten datuei erreparatuz gero, argi dago langile gisa dagokigun absentismoa mugatu nahi dutela, eta, beraz, absentismoa murrizteko modu bakarra legoke, hau da, osasunerako eta zaintzarako dugun eskubideari uko egitea. Gaiaren larritasuna salatzen duenean, Zubiaurrek esaten diguna da gaixorik egonda ere lanera joan behar dugula.

Beste bost gezur

Lehenik eta behin, zehaztu behar duguzer eratako absentismoari buruz ari garen: legeak babesten duena ala babesten ez duena. Hori hertsiki arautua eta kontrolatua dago, eta, horren arabera, legezko estaldurarik gabeko lan absentismoa anekdotikoa da; datu batzuen arabera, hiruhileko bakoitzean orduen % 1 inguru da langile bakoitzeko.

Bigarrenik, estatistikek lege estaldurarik gabeko absentismoaz soilik hitz egin beharko lukete. Lan istripu bat baduzu eta bi aste egiten badituzu koman, lan absentismoa da? Zer nahi du Zubiaurrek, koman zaudela ere lan egitea, absentismo tasa jaisteko? Izan ere, hori da bere hitzetatik ondorioztatzen dena. Gainera, enpresek ordaindutako mutualitateek langileen osasuna kontrolatzen dute, eta bajetan esperientzia duen edonork daki oso ohikoa dela sendatu aurretik ere lanera bidaltzea.

Hirugarrenik, lan absentismoa ez da arazo ekonomiko larri bat. Legezko estaldurarik gabeko absentismoa –hau da, justifikaziorik gabekoa– oso txikia da, anekdotikoa. Eta beste absentismo mota, pertsonen eskubide gisa legeak babesten duena, ezin da izan arazo larri bat ekonomiarentzat. Izatekotan ere, enpresaburuentzat da arazoa, uste baitute enpresek legeak eta langileen osasuna alde batera utzita funtzionatzeko gaitasuna izan beharko luketela. Baina enpresek langileen eskubideak errespetatu behar dituzte, eta enpresaburuek beren gain hartu behar dute eskubide horiek betetzeko ardura; legez dagokie obligazio hori betetzea, gainerako herritarrok gure obligazioak betetzen ditugun bezala, adibidez, gure zerga betebeharrak ordaintzen ditugunean. Era berean, enpresek zergen ordainketa kostu murrizgarritzat har dezakete, eta ez ordaintzea erreklamatu. Batzuetan, badirudi enpresaburu batzuek esklabotza sistema bat ezartzea dutela amets, sistema bat non jaten ere ez dieten eman beharko beren esklaboei.

“Langileok iruzurgiletzat agerrarazi nahi bagaituzte ere, datuek argi erakusten dute justifikatu gabeko absentismoa anekdotikoa dela”

Laugarrena, aldi baterako ezintasunagatiko babesa jasotzea ez da langileek antolatutako iruzur masibo bat; izan ere, lehen ere esan dugunez, laneko bajak kontrolatzeko sistemak jarraipen estua egiten die langileei. Beraz, langileok iruzurgiletzat agerrarazi nahi bagaituzte ere, datuek argi erakusten dute justifikatu gabeko absentismoa anekdotikoa dela. Aitzitik, gutxi hitz egiten da enpresek eta mutualitateek egiten duten iruzurraz, lanbide jatorria duten kalteak osasun sistema publikora bideratuta.

Bosgarrena, Euskal Herria ez da lan absentismoaren mailarik handiena duen Europako lurraldea, guztiz kontrakoa baizik. Espainiako Erresuma baja gutxien hartzen dutenen artean dago, lan prekarietatearen ondorioz.

Hortaz, ez daukat hitzik ekoizpenaren izenean gaixoarazi nahi gaituzten pertsona horiek definitzeko. Gure osasunaz ari gara, medikuarengana joan ahal izateaz, senide baten hiletara joateaz, haurdun egoteaz. Kapitalisten eta langileen arteko klase borrokaren isla da hori. Eta ez dugu amore eman behar, ezta gezur horiek doan esaten utzi ere.

 

'Lanaren Ekonomia', Bilbo Hiria, Argia eta Hordago elkarlanean. Entzun irrati saioa hemen: