argia.eus
INPRIMATU
Enpleguari, etxebizitzari eta zaintzari lotutako neurriak onartu ditu Espainiako Gobernuak
  • Ministro Kontseiluaren ostean iragarri ditu Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak, hemendik aurrera hartuko dituzten neurri ekonomikoak. Horretarako, 200.000 milioi eurora arte bideratzea aurreikusi du.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 17a

Zaurgarritasun ekonomiko egoeran dauden pertsonei luzatu egingo zaie hipoteka ordaintzeko epea.

Koronabirusaren krisiaren ondorioz kaleratutako langileek (edo aldi baterako kontratua eten zaienek) langabezia kobratzeko aukera izango dute, nahiz eta aurretik nahikoa kotizatua ez izan. Eta krisia bukatu ostean, kontagailua zeron jarriko da: alegia, langabezia epe hori ez da kontuan hartuko etorkizunerako.

Enpresek aldi baterako kontratuak eten ahal izatea erraztu eta merketuko da (enpresek ez dute langile horien gizarte segurantza ordaindu beharko, adibidez). Presidenteak enpresariei eskatu die ez ditzatela langileak kaleratu.

Bestalde, seme-alaben, biloben eta aiton-amonen zaintza ahalbidetzeko lanaldia %100 murriztu ahal izatea bermatuko da.

Neurri ekonomikoekin batera, Sánchezek gaineratu du espazio publikoan mugitzeko aukerak are gehiago murriztuko dituztela.