argia.eus
INPRIMATU
Enplegua Erregulatzeko Espedientea urriaren 1era atzeratzea proposatu du Amurrioko Valvospain-Ituarteko zuzendaritzak
  • Langileak proposamena aztertzen ari dira, baina ziurtatu dute ez dituztela mobilizazioak albo batera utziko.

Txabi Alvarado BaƱares Aiaraldea @aiaraldea 2019ko ekainaren 18a
Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ziren langileak iragan ostiralean

Ekainaren 13an -osteguna- bildu ziren Valvospain-Ituarteko langileak enpresako zuzendaritzarekin eta hartzekodunen lehiaketako administratzailearekin. “Biek eskatu ziguten greba alde batera uztea eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea urriaren 1era arte atzeratzea eskaini ziguten trukean”, azaldu dute beharginek, “idatzizko proposamen bat pasatu ziguten, orain aztertzen ari garena”.

Enpresa Komiteko kideek uste dute zuzendaritzak bere proposamena moldatzera derrigortua ikusi duela bere burua, greba eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki zutelako. “Helarazitako proposamena ondo aztertuko dugu eta zer bide hartu erabakiko dugu, baina ez ditugu besoak jaitsiko eta gure aldarriekin aurrera jarraituko dugu”.

Ordezkari politikoekin bilerak

Arabako hiriburura eginiko bidaia baliatu zuten beharginek EH Bilduko Eva Blanco eta Iker Casanova parlamentariekin biltzeko. “Horrez gain, premiazko bilera eskatu dugu Eusko Jaurlaritzako industria garapenerako zuzendariarekin. Amurrioko alkatea den Josune Irabienek ere eskatu digu berarekin bilera egitea”.

Gauzak hala, euren lanpostuen eta soldaten alde eta enplegu espedientearen aurka borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute langileek.