Nafarroako Gizarte Eztabaidarako Batzordean eztabaidatuko dute Enplegu Plana, “ahalik eta adostasun handiena lortzeko”. Hori da bertako kideek ostiralean ziurtatu zutena. Baina gatazka piztu da, hain zuzen ere zein sindikatuk eta eragilek osatzen duten aintzat hartuta: CCOO, UGT, CEN eta Nafarroako Gobernuko Administrazioa dira Gizarte Eztabaidarako Batzordeko kideak, eta, ondorioz, ELAk eta LABek uko egin diote bertan parte hartzeari, organu hori “klientelista” baita bi sindikatuen aburuz.
Gogora ekar dezagun 2014an jarri zutela martxan Eztabaida Sozialerako Batzordea, UPNren eta PSNren babesarekin, gainontzeko alderdi guztiak kontra azaldu ziren bitartean.
Akordio programatikoan, ezbaian
Bada beste ertz bat: akordio programatikoan, Gizarte Eztaidarako Batzordeak organo erabakiorra izan behar ote zuen zalantzan jarri zutela jada ‘aldaketaren gobernuko’ partaideek. Harekin zer egin aztertu beharra zegoela zioten. Beraz, batzorde horren jarraikortasuna oraindik adostuta ez dagoenean, Enplegu Plana bertan eztabaidatzea ez dute begi onez ikusi EH Bilduk eta Ahal Duguk.
Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak azpimarratu du “larria” dela Enplegu Planaren geroa mahai horretan adostu nahi izatea, eta ELA eta LAB ez daudela gogoratzeaz ez ezik, azken egunotan CCOO eta UGTren finantziazioa dela eta izandako hika mika aipatu du. Bide beretik jo du Ahal Duguko parlamentari Laura Perezek, batzordearekin kritiko eta CCOO eta UGTren finantzaketarekin zorrotz.
Geroa Bai, bestelako formulen bila
Kontrako jarrera azaldu dute, ordea, Ezkerrak eta Geroa Baik. Ezkerrari dagokionez, ELA eta LAB hartu ditu hizpide eta beren burua "baztertzea" leporatu die bi sindikatuei Eztabaida Sozialerako Batzordean ez egoteagatik.
Geroa Bairen kasuan, aldiz, lausoa da segituko duten bidea. Izan ere, Koldo Martinezek esan du "ahalik eta eragile gehien" batzen saiatuko direla, eta ELA eta LABen parte hartzea sustatu nahi dutela. Horretarako “formula irudimentsuak” bilatuko ditu gobernuak. Eta formula irudimentsuak zeintzuk izanen dira? Bada, oraindik ez dute besterik iragarri.
Bihar, bilera
Oposizioari begira, Enplegu Plana Gizarte Eztabaidako Batzordean eztabaidatzearen alde daude UPN, PP eta PSN. Carlos Garcia Adanero Erregionalistaren hitzek ilustratu dezakete oposiozioko talde guztien iritzia: "jada gaizki doan administrazioa are okerrago" joanen litzateke, haren hitzetan, Eztabaidarako Gizarte Batzordea ez balego.
Bihar bilera eginen dute lauko gobernuko kideek Enplegu Planaren eta Eztabaida Sozialerako Batzordeari buruz, eta orduan emanen dituzte argitara aurrera begira emanen dituzten pausoak.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra