argia.eus
INPRIMATU
Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataforma alegazioak biltzen ari da “Artzentales-Sopuerta” zentralaren kontra
  • Alen Mello kordalean 200 metroko zortzi aerosorgailuko zentral eolikoa jarri nahi du Euskal Haizie enpresak. Fisterra Energy taldeko kidea da, Blackstone Group funts putrearen amaraunekoa. Proiektua jendaurrean jarri du administrazioak eta abenduaren 13 arteko epea dago alegazioak aurkezteko. Herri hauei eragiten die proiektuak: Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes. Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformak, besteak beste salatu du Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak ez dituela kontuan hartzen eraiki nahi dituzten gainerako proiektuak, eta guztira 24 aerosorgailu handi jarri nahi dituztela 25 kilometroko erradioan: "Industrialde horien guztien inpaktua instalazio bakartzat hartu behar da". Honen aurrean alegazio-dokumentu bat argitaratu du eta herritarrak deitu ditu berau sinatzera, "mendien industrializazioaren aurkako herri-babesa lortzeko".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko azaroaren 16a

EAEko buletin ofizialean publiko egin denez, jendaurrean jarri du Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkariak proiektua.

Proiektuak "Artzentales-Sopuerta Parke Eoliko eta haren ebakuazio-azpiegitura" du izena eta barne hartzen du, batetik, 49.6 MW-ko zentral eolikoa, 200 metroko zortzi aerosorgailuz osatua (6.2 MW-ko potentzia izango luke bakoitzak). Eta horrez gain, argindarra jaso eta ebakuatzeko azpiegiturak: aerosorgailuen arteko interkonexiorako azpiegitura elektrikoa, azpiestazioa Sopuerta udalerrian, konexio-azpiestazio murriztailea Gueñes udalerrian, 17,1 kilometroko aireko linea Artzentales, Sopuerta, Zalla eta Gueñes udalerrietan zehar, eta 466 metroko lurpeko linea Gueñes udalerrian.

Enkarterrin Makroeolikorik Ez elkarteak zera adierazi du: "Proiektuak ez du errespetatzen 2 km-ko gutxieneko distantzia nukleo bizigarriekiko, eta auzo eta baserri ugari kondenatzen ditu. Era berean, ez du ebidentzia nahikorik ematen 200 metro baino gehiagoko altuerako turbina mota horiek igortzen dituzten hotsek eta infrasoinuek sortzen dituzten ondorioak osasunerako kaltegarriak ez direla ziurtatzeko".

Proiektu honek inguruko faunan ekarriko duen kalteaz zera diote: "Kritikoa da babestuta dauden hegazti harraparien eta kiroptero espezieentzat. Aurkeztu duten faunaren txostenak aitortzen du proiektuak eragina izango duen kokaleku guztiak hegazti hauen ohiko hegaldi-eremua dela, 50 eta 200 metro bitarteko altueran. Era berean, 10 km-ko erradioan sai zuriaren 14 habia daudela esaten du, eta horrek, indarrean dagoen araudiaren arabera, proiektu hau eraikitzea bideraezina egiten du".

"Proiektu industrial" honek Enkarterrin izango dituen eragin ekonomiko negatiboak ere aipatu dituzte: "Industria horrek Enkarterrin lan-aukerak eta tokiko ekintzailetza galtzea ekarriko ditu, Espainiako Bankuak 2023ko urtarrilaren 23ko txostenean baieztatzen duen bezala. Gainera, inbertsio politika hori tokiko, komunitateko eta gobernuko hainbat programek Enkarterrietako eskualdea garatzeko aspaldidanik egiten duten apustuaren aurkakoa da, landa-turismoari, nekazaritza- eta abeltzaintza jarduerari eta kultura- eta natura-ondareari balioa emateari dagokienez".

Proiektuak zatika aurkeztea "iruzurra" dela salatu dute

Makroeolikoen aurkako plataformak salatu du Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak "ez dituela kontuan hartzen izapidetzen ari diren beste proiektu batzuen ondorio sinergikoak. Une honetan lau espediente daude irekita, eta azkenean onartuko balira, neurri handiko 24 aerosorgailu eraikiko lituzke, gehi instalazio osagarriak eta ebakuazio-lineak, 25 kilometroko erradioan. Industrialde horien guztien inpaktua instalazio bakartzat hartu behar da, bestela iruzurrezko zatiketa izango bailitzateke".

"Gure baliabideen espoliazioa berdez tindatzen dute administrazioaren adostasunarekin"

Datozen hilabeteetan hitzaldiak eta zine emanaldiak antolatuko dituztela iragarri du plataformak, "Enkarerriri eragiten dion arazoan sakontzeko asmoz". Baina ohartarazi du "gai hau energia kolonialismoaren eta finantza espekulazioaren arazoa dela. Ildo horretan, kaltetutako beste eremu batzuekin lankidetzan ari gara, inbertsio-funtsen espekulazioaren aurrean babestuko gaituen lurraldearen defentsarako sare bat sortzeko". Salatu du proiektu hauek "gure baliabideen espoliazioa berdez tindatzen dutela administrazioaren adostasunarekin".

Herritarrek sinatutako alegazioak Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dituzte, "hiriburu handien mesedetan eskualdeetako biztanleak pobretzen dituen makroberriztagarrien eredua salatzeko" egingo duten ekintza batean.