argia.eus
INPRIMATU
Engel & Volkers agentziaren erakusleihoa pinturaz bete dute Bilbon, “espekulatzaileak seinalatzeko”
  • Bilboko Ernaik zabaldutako bideo batean ikus daiteke, Engel & Volkers higiezinen agentziak hirian duen bulegoari pintura bota diotela su itzalgailu batekin. Bideoarekin zabaldu duten txioan salatu dute Bilboko etxebizitzaren prezioak etengabe gora egiten duen bitartean Bilbon 8.108 etxe huts daudela eta "erantzuleak seinalatuko" dituztela.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 16a
Pinturaz zikinduta utzi dute Bilboko Engels & Volkers agentzia.

"Etxebizitza ugariren jabeak eta inbertsio funtsak espekulazioaren negozio nazkagarri honetan gero eta indar gehiagoz sartzen ari dira eta Bilboko auzo batzuetan egoera jasanezina da", diote ekimena kokatzeko zabaldu duten irakurketan.

"Bilboko gazteok sekulako ezintasunak ditugu emantzipatzeko. Enpresariek ordaintzen dizkiguten soldata miserableek eta etxebiitzaren prezioak ezinezko bilakatzen dute. Ez dugu egoera hau onartuko", diote. Horregatik, erantzuleak seinalatuko dituztela jakinarazi dute. "Etxebizitza ez da aberatsentzat negozio bat! Espekulatzaileei ateak itxi!", aldarrikatu dute.

Ikusi ekimenaren bideoa:

 

 

Otsailaren 16an manifestazioa deitu dute Bilbon, 17:30ean Euskadi Plazatik hasita. Lelo nagusia "Prekarietateari ateak itxi" izango da. Azken hilabeteetan egiten ari diren Euskal Herrian Bizi kanpainaren parte izango da.