Urriaren 22an energiaren gaiaz hausnartzeko plaza izango da Zizurkil. Gipuzkoako Mendiak Askek antolatu du, eta puntako bertso saioaren bidez eskaini nahi diete herritarrei energiaren inguruko gaiei buruzko iritzi ezberdinak jasotzeko aukera, "ondoren bakoitzak bere ondorioak atera ditzan". Eguerdiko 12:00etan izango da bertso saioa, eta ondoren herri bazkaria. Bi ekitaldi hauetarako txartelak salgai daude dagoeneko, eta bazkariko txartelak urriaren 15a baino lehen erosi behar dira (bertso saioko sarrerak momentuan bertan ere erosi daitezke).
Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran arituko dira energiaren gaiari ikuspegi anitzetatik kantuan, urriaren 22an, 12:00etan, Zizurkil Goiko San Millan elizan. Ondoren herri bazkaria egingo dute zimiterioan. Herri bazkariko produktu guztiak bertakoak eta ekologikoak izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Honela azaldu du egun honen zioa Gipuzkoako Mendiak Aske eragileak: "Orain dela urtebeteko urrian, Elosun elkartu ginen, mendiak babestu nahi ditugula eta mendietan zentral eolikorik nahi ez dugula aldarrikatzeko. Energia berriztagarria bai, mendiak txikitu ez lelopean bat egin genuen honako taldeek: Oletan ere ez (Azkoitia), Sañu bizirik (Azpeitia), Sainu Bizirik (Zestoa), Karakate Bizirik (Elgoibar, Soraluze, Bergara), Urretxu-Zumarraga Bizi! (Urretxu-Zumarraga), Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Zizurkil) eta Andatza-Ezkeltzu Bizirik (Ursurbil). Eta elkarrekin bidea abiatu genuen, Gipuzkoako Mendiak Aske izenpean. Urtebeteko ibilbidearen ondoren, Zizurkilen elkartuko gara, ospakizuna eta aldarrikapena bateratu nahian. Ospatuko dugu Gipuzkoako mendiak babesteko sarea sortu eta sendotu egin dugula urtebete honetan eta aldarrikatuko dugu mendiak aske nahi ditugula, industrializatu barik, gure gazteen eta seme-alaben etorkizuna izaten segi dezaten".
Gipuzkoako Mendiak Askeren urtebeteko pozak eta ezinak azaltzen dituen iritzi artikulua zabaldu dute antolatzaileek: Elosutik Zizurkilera, Gipuzkoako Mendiak Aske.
Bertso saioko sarrerak 10 euroko prezioa du, eta umeen kasuan, "borondatea". Herri bazkariko sarrerak 15 euroko prezioa du, eta umeen kasuan, "borondatea".
Bazkarirako sarrerak urriaren 15erako eskuratu beharko dira. Bertso saioko sarrerak momentuan bertan ere erosi daitezke.
Bai bertso-saiorako zein bazkarirako txartelak honako lekuetan eros daitezke: Antzuolan (Aitz Garbi), Azkoitian (Etxe-Aitz eta Atraskua), Azpeitian (Urtzi), Lazkaon (Biziola), Elgoibarren (Jai Alai eta Lanbroa), Itziarren (Burugorri), Soraluzen (Arrano eta Pil Pilean), Zestoan (Uztapide) eta Zizurkilen (Plaza Etxeberri, Iriarte eta Egarri).
Emailez ere eskatu daitezke sarrerak, gma@ni.eus helbidera idatzita.