argia.eus
INPRIMATU
Energiaren Nazioarteko Agentziak trantsizio ekologikoa sostengaezina dela ohartarazi du
  • Azken hiru urteetan material arraroen ustiaketa industriaren ingurumen-eragina asko handitu dela adierazi du agentziak, uraren kontsumoa bikoiztu delako, hondakin kopuruak ugaritu direlako, eta berotegi-efektua ekartzen duten gasen isuriek " oso maila altuan" jarraitzen dutelako.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 18a
AIEk meatzaritza industriak arrisku handiak ekar ditzakeela abisatu du. Argazkia: DF

Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE) trantsizio energetikorako beharrezkoak diren lur arraroen baliabide geologikoetan interes ekonomiko handia duten 20 meatzaritza enpresen txosten publikoak ebaluatu ditu, eta nahiz eta inbertsioan, segurtasunean eta genero-politiketan hobekuntzak ikusi, ingurumen-jasangarritasunean ez dago aurrerakuntzarik.

Berotegi-efektuen gasen emisioak “oso maila altuan” jarraitzen dutela adierazi du agentziak, uraren beharra bikoiztu egin da, eta erauzketaren ondorioz sorturiko hondakinak bost gigatoneladara iristen dira gaur egun. Mineral-hornikuntzaren zati handi bat “ingurumen, gizarte eta gobernantza puntuaketa baxua duten tokietatik” etortzen direla adierazi du AIEk, eta beraz, industria horrek ezin  omen ditu bermatu "kopuru garbiak eta arduratsuak”.

Thijs Van de Graaf, txostenaren egileetako bat, orain planteatu den bezala jarraitzen bada trantsizio energetikoak “arrisku handiak” ekarriko dituela adierazi du, bai “sozialak, ingurumenekoak, eta gobernantzakoak”. AIEk 2021ean adierazi zuen moduan, garapen maila honetan jarraitu nahi bada, lur arraroen ustiapena zazpi aldiz igo beharko litzateke, nikelarena hemeretzi aldiz, kobaltoarena 21 aldiz eta litioarena 42 aldiz. Neurri horretan jarraitzeak ezinezko egiten du energia berriztagarrien ezarpena, agentziaren txostenaren arabera.