argia.eus
INPRIMATU
Energiaren enpresa publikoa aldarrikatu dute Turielek, Aretxabalak eta Pascualek
  • 2015ean Nazio Batuen Erakundeak (NBEk) Agenda 2030 programa jarri zuen abian, eta iragan irailean hura nola ari den betetzen aztertu zuten mundu mailako agintariek. Antonio Aretxabalak, Antonio Turielek, eta Unai Pascualek bileraren balantzea egin dute Ctxt agerkarian.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 06a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ezaguna da egileek ingurumenarekiko duten konpromisoa, ezagutza maila, zorroztasuna eta ikuspegi kritikoa, eta horregatik interesgarria iruditu zaigu haiek egin duten balorazioa laburtzea. Balorazioarekin batera proposamena ere luzatu dute: energia enpresa publikoak berreskuratzea, energia trantsizio justurik egingo bada, hori oinarrietako bat izango delakoan.

Agenda 2030a 2015ean abiarazi zen mundu mailako pobreziarekin amaitu, ekosistemak babestu eta gizateriaren zoriona segurtatzeko helburuekin. Azken finean, jadanik erabat higatua zegoen garapen jasangarriaren kontzeptua biziberritu eta eguneratzeko saioa zen. 2030. urterako sei urte falta direla, hainbat analisten arabera agenda 2030erako 17 helburu nagusien %15a ere ez da bete, eta beste batzuen arabera, egoera 2015ekoa baino txarragoa da.

Meatzaritza, inoiz baino estraktibistagoa

Artikuluaren egileen esanetan, ez da lortu babestu nahi ziren ekosistema gehienen eta haietan bizi diren komunitateen suntsitzea geldiaraztea. 2008ko krisiaren ondoren meatzaritzak indarra hartu zuen eta pentsatu zen hura izan zitekeela egin beharreko energia trantsizio justuaren ardatzetakoa, baina ezin izan da: gaur egun meatzaritza are eta espekulatiboagoa eta suntsitzaileagoa da.

Ondorioz, ingurumenaren aurkako presioa areagotu egin da, autore eta lan askok erakusten duten gisan, hala nola, Ikatzaren Ondorengoa Institutuko Willian Rees-ek egindakoak edo nazioarteko baliabideak ikertzen dituen NBEko Ingurumen Programako (IRP) taldearenak. Beraz, gezurtatuta geratzen da Europan hazkunde berdea sustatzen duten Green Deal eta gisa horretako programen bidez trantsizio ekologikorik bidera daitekeenik.

Areago, argi ikusi da meatzaritza dela ibilbide okerraren protagonista handia, eta teknologia digitalaren arrakastak tokian tokiko komunitateen eta lurraldeen suntsitzea erraztu duela. Gogor kritikatzen dituzte egungo sistema neoliberalaren helburu estraktibistak, eta haien ustez, gure egungo gizarte termoindustriala sostengatuko lukeen energia berriztagarrien ereduarekin asmatuko balitz ere, berdin litzateke arbuiagarria, ez lukeelako lagunduko Agenda 2030eko helburuak lortzen. Porrot horren adibide gisa jartzen dute “kapitalismoa birsortzeko” Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk Interneten eta digitalizazioan sakontzeko bultzatu zuten Smart 2020 Proiektua.

Energiaren enpresa publikoa

Autoreek azpimarratzen dute energiaren deszentralizazioaren gaia indarra hartzen ari dela gaur egungo erakundeetan, horrek kudeaketa eraginkorragoa ekar dezakeelakoan. Gertatzen ari den porrotaren aurrean energia enpresa publikoak sortzea ere aurreikusten ari dela zehazten dute, eta Espainiako Estatuan halako bat sortzea ere proposatzen dute. 2022an Unidas Podemos-ek egin zuen proposamen hori Espainiako Kongresuan, baina atzera bota zuten. Hala ere, ideiak mahai gainean jarraitzen du eta litekeena da horrelako enpresak sortzea beste esparru instituzional batzuetan, esaterako erkidego edo udalerrietan.

Enpresa publiko hori era askotakoa izan daiteke, eta izan liteke energiaren esparruko oligopolioekin amaitzen hasteko modu bat, baina egia da bi ikusmolde ere izan ditzakeela. Batzuentzat izan daiteke berriztagarrien munduan, adibidez eolikoan, gertatzen ari den porrotaren erreskate bat. Hainbat analistarentzat erreskate hori ari da bideratzen Ursula Von der Leyen, Europar Batasunaren egoeraren debatean industria eolikoa laguntzeko proposatu berri dituen diru-laguntzekin.

Trantsizio energetikoa egiteko behar diren baliabide geologiko ugari Txinan daude, baina horiek orain arte bezain merke lortzea gero eta gaitzagoa izango da, besteak beste, Txinako zientzialariak ere ohartu direlako ustiaketa horrek dakarren ingurumenen hondamendiaz. Momentuz, gure gailu digitalek eta energia “garbien” azpiegiturek behar duten kobaltoak Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko herrialde txiro- eta esklabistenetakoa bihurtu dute. Askok bideratu nahi dute ingurumen injustizia hori, baina munduak ezikusiarena egiten du, itxuraz hazkunde berdea-ren ametsa besterik ez duelako nahi.

Enpresa publiko hori izan daiteke, beraz, energiaren munduan pilatzen ari diren aktibo toxikoak biltzeko, baina izan liteke ere, behar den energia ereduaren eraldaketarako akuilu, hain beharrezkoa den egiazko iraultza berde hori gidatzeko. Jakina, bigarren kasu honetan, onartuko litzateke ez dela posible hazkunde material eta energetikoaren egungo eredua, eta abian jarriko lirateke gutxitze, deszentralizatze eta desazkunde politika kontrolatuak. Gero eta ikerketa gehiagotan gero eta indar gehiago ari da hartzen norabide hori, adibidez eredu jasangarri berriak aztertu dituen EBko Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren SC/048 diktamena.

Egileek argi dute energia enpresa publikoen etorkizuna arrakastatsua izan daitekeela, baina horretarako ezinbestekoa ikusten dute guztiz desitxuratutako jasangarritasunaren kontzeptuak bere egiazko esanahia berreskuratzea: sistema sozioekologikoari eusten dioten naturaren oreka eta oinarrizko funtzioak zaintzea.

Laburpen zabal hau egiteko Ctxt-ko honako artikulua erabili dugu: La energía como bien público, clave para el desarrollo sostenible (Energia ondasun publiko gisa, klabea garapen jasangarrirako).