Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak antolatuta, egun pasa berezia bizi izan zuten bertaratutako herritarrek urriaren 22an Zizurkilen. Bertso saio biribila osatu zuten Aitor Bizkarra, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaranek, gaiak azertu handiz jarri zituen Saroi Jauregiren harian. "Energiak ezbaian" izeneko bertso saio honetan umore kritikoa izan zen nagusi. Osagai ekologikoz egindako bazkari ederra gozatu zuten ondoren bazkaltzera geratu zirenek eta kantuek eta elkarrizketek girotu zuten arratsaldea. Bere urteurrena ospatu zuen egun honen bidez mugimenduak, eta "mendietan eolikorik ez" mezuak hartu zituen Zizurkilgo hormak.
Urtebete bada Elosun 200 metroko haize errota irudikatu zutela herritarrek, energia berriztagarriak ekoizteko "makro-zentral industrialak" mendietan ez ezartzeko eskatuz. Urtebeteko ibilbidea balioan jartzeko eta aurrera begira indarrak hartzeko, Zizurkilen egun pasa egin zuen urriaren 22an Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak.
"Bandoen gudan" erori gabe, energiari buruzko elkarrizketak plazara ateratzea eta herritarrei horretarako gonbidapena zabaltzea bilatu zuen bertso saioak. Gonbidapenari erantzunez, hainbat herritatik etorritako publikoak goxo bete zituen Zizurkil Goiko elizaren beheko bankuak eta goiko korua. Lehen aldia zen bertan bertso saioa egin zena.
Saroi Jauregik gaien bidez hasieratik bideratu zuen saioa, jarrera eta ikuspegien zabaltasuna oinarri gisa balioan jarriz. Energiaren gaiari angelu anitzetatik kantatu zioten bertsolariek. Eguneroko bizitzaren autokritika egin zuten bertso bidez, boterearekiko eta "berdezko zurikeriarekiko" kritika fina ere bai, eta egoera guztietan umorea atera izana estimatu zuen entzuleak. Hasi eta buka saio biribila osatu zuten, intentsitatea goi mailan mantenduz saio osoan zehar.
Aiurri hedabidean ikusentzun daitezke saioko hainbat bertsoaldi:
- Egaña inteligentzia artifizialeko erabiltzailea eta Lujanbio bere gidaria
- Bizkarra eta Iguaran, On Kixote eta Sancho Panzaren paperean
- Lujanbio beste hirurei kantuan, energia toxikoa eta energia ona duten laguntasunez
- Bizkarra eta Lujanbio puntuei erantzunez
- Saioaren bukaera, lauak puntuka
Bertsoa hedabidean ikusentzun daitezke saioko beste bertsoaldi hauek:
- Egaña eta Bizkarra, haize erroten eztabaida "bi bandoen herrian"
- Iguaran eta Lujanbio, "berdea"ren konotazio anitzez
Lehengai ekologikoz osatutako bazkari ederra gozatu zuten bertso saioaren ostean bazkaltzen geratu ziren ehun lagunek. Elikagai bakoitzaren jatorria eta zehazki zein ekoizlerena zen zehaztu zuen antolakuntzak karteletan.
Bazkalostean kanturako giroa jarri zuen Ezkeltzu Bizirik taldeko kide Patxi Otegik, kitarra eta musu-kitarra eskuan kantu herrikoiak kantatu baitzituen, bazkaltiarrak ere kantuan jarriz.
Zentral eolikoko proiektu zehatzei aurre egiteko herrietan sortu diren taldeetako kideek bazkalostea baliatu zuten berriketan aritzeko, bakoitza zertan ari den, egoeraren zer irakurketa egiten duen... nekeari eta giro hotzari aurre egiteko energia batu zuten, elkarri emandako berotasunetik.