argia.eus
INPRIMATU
Energia larrialdia: zer dago jokoan Versaillesen?
  • Europar Batasuneko 27 herrialdeetako agintariak bilduta daude ostegun eta ostiralean Versaillesen, eta Ukrainako gerra alderik ilunena erakusten ari den bitartean, energia krisiari aurre egiteko neurrien inguruan ere hitz egingo dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 10a

Europak Errusiatik inportatzen du gasaren %40 inguru eta Ukrainako erasoaldiak eraginda lehendik ere igoera nabarmena zuen energia iturri hori izugarri garestitu da egunotan. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialde gehienetan ezarrita dagoen elektrizitate merkatu marjinalistaren ondorioz, argindarra  ordaintzen da ordutegi-tarte bakoitzeko teknologi garestienaren prezioan, eta gasaren igoerak ekarri du gainerako energia-iturriek kostua neurri berean igotzea.

Elektrizitatearen garestitzeak jadanik zailtasun handiak eragin ditu industriaren alorrean –kontsumitzaile handienak, askogatik–. Euskal Herrian, ArcelorMittalek Olaberrian duen lantegiak gelditu egin behar izan du aldi batez, eta ekoizpenerako energia kopuru handia behar duten beste lantegi asko ere antzeko egoeran daude: Mondragon Taldeko Orklik, esaterako, faktura boskoiztu egin zaio eta hamar edo hamabi milioi euroko gastua izan dezakete argindarrean, Aitor Goñi kooperatibako kudeatzaileak Euskadi Irratian aitortu duenez.

Versaillesen Europar Batasuneko 27 herrialdeek bi egunotan egino duten gailurrean, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak proposatuko du gasa energiaren merkatutik desakoplatzeko, prezioetan sortzen dituen gorabehera horiek saihesteko. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ildo berean hitz egin du, eta elektrizitatearen eta gasaren arteko lotura “eten” egin behar dela dio.

Oraingoz, badirudi Europak Batzordeak onartuko duela gasaren prezioari muga bat jartzea, baina ez dela harago joango.

Europa ipurdi-bistan

EBko herrialdeetako gobernuburuek Versaillesen egingo duten gailurrean batez ere errusiar gasarekiko eta petrolioarekiko menpekotasuna arintzea dute eztabaidagai.  

Berriki AEBek iragarri dute ez dutela Errusiako petroliorik erosiko, baina kontuan izan behar da inportatzen dutenaren %10 baino ez dela errusiarra –Europaren kasuan %30 da errusiarra– eta hornidura beste toki batzuetatik ziurtatzeko gaitasun handiagoa duela Joe Bidenen gobernuak, baita Venezuelatik ere, behar izanez gero.

Orduan, nola arindu dezake Europar Batasunak menpekotasun hori? Eta zer ondorio izan dezakete hartzen diren neurriek? Gas likidotua inportatzea –tartean Zierbenako Bahia Bizkaia Gas sozietatearen plantara ekarrita– aldi baterako irtenbide dela diote adituek, eta horrek deskarbonizazio helburuei kalte egingo dietela, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko. Frantziako Estatuak energia nuklearraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, oraintxe Ukrainan ikusten ari garen arren zer nolako arriskua sortzen duen eta nolako hipoteka utziko diegun gure ondorengoei.

Duela gutxi Reporterre aldizkariko zuzendari  Herve Kempf-k azaldu bezala, Europak trantsizio ekologikorako helburu batzuk zituen arren –energia eta materiala aurreztea eskatzen zuena–, gerra honek ipurdi-bistan harrapatu du, eta alternatiba baldin bada energia nola edo hala lortzea iturri kutsagarriagoak edo arriskutsuagoak erabiliz, klima larrialdian sakondu eta amildegian gehiago gerturatzea baino ez dugu lortuko.