argia.eus
INPRIMATU
Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera
  • "Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 21
Biodibertsitatean eragin negatiboa duen gertakariaren arabera gardentasuna aldatu egiten dela ondorioztatu du EHUren ikerketak. Argazkia: Flickr

EHUk egindako ikerketa batek Europako hamazazpi energia-enpresa aztertu ditu, eta ondorioztatu du enpresa horiengatik biodibertsitatean eragin negatiboa izan duten 47 gertakarietatik 22 –hau da, %47– ez direla izendatu haien jasangarritasun txostenetan. Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeari, enpresa-jarduerari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko ikerketa-taldearen azterketa honetan ondorioztatzen dute "inpresioa kudeatzeko" eta "irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituztela enpresek. Ikerlariek diotenari segi, ez dago benetako konpromisorik enpresa-jarduerek biodibertsitatean eragindako inpaktuekin lotutako gorabehera negatiboei buruzko informazio gardena emateko. Hori horrela, ikerketa bideratzeko orduan, iturri ez-ofizialetatik lortutako informazioa –sare sozialak, kontrainformazioko webguneak, eta abar– energia-enpresen jasangarritasun txostenetan adierazitakoarekin alderatu dute.

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko doktoregai Goizeder Blancok aztertu ditu enpresek biodibertsitateari kalte egiten dioten gertakariak informatzerakoan erabilitako teknikak. Ondokoa azaldu du EHUk plazaraturiko albistean: "Europako direktibek derrigortu egiten dituzte enpresa handiak ingurumenari eta bioaniztasunari lotutako dokumentuak argitaratzera, baina ez dago guztiz zehaztuta horietan azaldu beharreko informazioa. Norberak erabakitzen du zer alderdiri buruz hitz egin. Beraz, aske jokatzen dute eta euren irudia leuntzen dute". Ikerketaren arabera, soilik gertakarien %23 adierazi dituzte zehaztasunez –hamaika kasutan–, eta gertakarien %30 –hamalau kasutan– partzialki edo "ardura neutralizatzeko estrategiak" erabilita.

Komunitate indigenei buruz, zehaztasun handiena

Gertakari motaren arabera gardentasuna aldatu egiten dela ondorioztatu du EHUren ikerketak. Komunitate indigenei eragiten dietenean ezinbestean komunikatu behar dituztela adierazi du Blancok, eta arrazoitu du gizakiak tartean daudenean opako izatea "zailagoa" dela: "Pertsonek, naturak ez bezala, hitz egiten dute, protesta egiten dute eta auziak egoten dira tartean. Horiek ezinbestean komunikatu behar dituzte".

EHUk egindako ikerketan, taula baten bitartez alderatu dituzte gertakari negatibo motaren arabera, informatu gabe, partzialki informatuta eta zehaztasunez informatuta dauden gertakarien kopurua:

 

Gertakari negatiboaren mota

Identifikatutako gertakari negatibo kopurua

Informatu gabe

Partzialki informatuta

Zehaztasunez informatuta

(1) itsas ekosistemaren gaineko inpaktua

9

6 (%67)

2 (%22)

1 (%11)

(2) migrazio-korridore baten gaineko inpaktua

1

1 (%100)

0 (%0)

0 (%0)

(3) urtegien eta izotz-aintziren hustuketa/uholdea

4

4 (%100)

0 (%0)

0 (%0)

(4) hegaztien elektrokuzioa edo kaltea

4

0 (%0)

1 (%25)

3 (%75)

(5) lurralde indigenen gaineko inpaktua

15

5 (%33)

4 (%27)

6 (%40)

(6) oihan tropikalaren baso-soiltzea

8

2 (%25)

5 (%63)

1 (%13)

(7) lurreko ekosistema baten gaineko inpaktua

6

4 (%67)

2 (%33)

0 (%0)

 

Ikerketan zehaztu dute hegaztiekin lotutako gertakari negatiboak "kontabilizatzen errazak" izaten direla. Aldiz, azaldu dute ez dela gauza bera gertatzen ekosistemak suntsitzen edo eraldatzen direnean: "Parke eoliko bat espezie baten migrazio-bidean eraiki badute, ez dute argi komunikatzen. Efektuak sakonagoak eta neurtzen zailak direnez, ezkutatzeko joera dute".

"Atentzioa desbideratu"

"Ardura neutralizatzeko" estrategien artean gehien erabiltzen den teknika alde onak azpimarratzearena dela adierazi du Blancok. Bioerregaiak erretzeko olio-palmondoen landaketaren kasua aipatu du ikertzaileak: inguru tropikaletan landatzen dituzte "bertako ekosistemak suntsituz", eta beste lurralde batzuetan zuhaitz ugari landatu izana azpimarratzen dute jasangarritasun txostenetan, beti ere eragin kaltegarriak "leuntzeko". Ikerketaren ondorioa argia da: "Horrek ez du konpontzen enpresak palmondoekin eragindako deforestazioa, kaltetutako tokitik oso urrun egiten dituztelako landaketak". Ondorioztatu dute alderdi positiboak negatiboen gainetik azpimarratzea gehien kutsatzen duten sektoreetan gertatzea ohikoagoa dela: "Jendeak gehiago presionatzen dituzte, beraz, prest daude gertakari negatiboak haien izenean eragin ditzaketen arriskuak kudeatzeko”, adierazi dute.

Ez dagoenean argi zein izan den biodibertsitateari kalte egin dion gertakariaren eragilea, energia-enpresek ezjakintasuna azpimarratu edota "errua bestelako aktoreei leporatu" ohi dutela agertzen da ikerketan.