Eusko Jaurlaritzak hainbat Administrazio Batzarretan harrotu zituen hautsak Energia Berriztagarrien Sektore Planaren hasierako onarpena bultzatuta, eta hainbat helegite aurkeztu ziren horren ondorioz.
Herritarrei zein erakundeei helegite horien erantzunak heldu ez zaizkien arren, Eusko Jaurlaritzak hainbat errekurtsoren erantzunak argitaratu ditu dagoeneko. Hemen ikusi daitezke (momentuz soilik gazteleraz).
Berez, plan horrek 20 proiektu eoliko eta fotovoltaiko handi baino gehiago jasotzen ditu eskualdean eta gehiagori ere irekitzen die atea. Horrek ekarriko luke hainbat jabego pribaturen zein lursail komunalen desjabetzea eta egitasmoak alarmak piztu zituen hainbat herritarren artean.
Hain zuzen, Aiaraldeko zenbait erakunderen, alderdien eta herritarren helegiteak topatu daitezke Eusko Jaurlaritzak plazaratutako dokumentuaren aurkibidean eta, banan banan aztertu behar diren arren, ondorioztatu daiteke askotan irizpide bera erabili duela Eusko Jaurlaritzak: alegazioa sakontasunean ez aztertzea eta erantzutea argudio horiek hobeto aztertu beharko direla proiektuaren zehaztasunak argitzen direnean, enpresek ez baitute zertan okupatu emango zaizkien lurraldeen zabalera guztia.