Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko agindua jaso zuen 2019an Eusko Legebiltzarrak hala eskatuta. Oraindik prozesu hori bidean da, eta itxura guztien arabera asko luzatuko den arren, zebait dokumentu publiko daude Eusko Jaurlaritzaren webgunean bertan, alegazioak egin ahal izateko. Besteak beste, zentral fotovoltaikoak eta eolikoak non eraiki daitezkeen zehazten dute dokumentu eta planoek.
Eusko Jaurlaritzak EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) prozesua abiatzeko eskaera jaso zuenetik hiru urte igaro diren arren, aurten ekin dio lan horri, horretarako enpresa bat kontratatu du, laguntza teknikoa emateko. Momentu honetan hainbat dokumentu jadanik sarean daude ikusgai, herritarren parte-hartze memoriei dagokiena eta aurrerapen dokumentua, besteak beste.
Azkeneko honetan zentral fotovoltaikoak eta "eskala handiko" eolikoak non joan daitezkeen agertzen dira xeheki, esklusioguneak zein diren, baita horiek ezartzeko "gune garbi optimoak" ere azalduz, lehentasunezkoak zein bigarren mailakoak.
Esaterako, planoetan agertzen denez, Arabako Lautadan eta Arabako Errioxan joan daitezke zentral fotovoltaiko gehientsuenak. Zentral eolikoak, berriz, lurralde osoan sakabanatuta agertzen dira mendilerro ugaritan. Gipuzkoan bakarrik haize erroten 35 alineazio zenbatu daitezke, ARGIAri eolikoen kontrako mugimendutik azaldu diotenez, beti ere kontuan edukita behin behineko dokumentu bat dela eta balizko tokiak agertzen direla planoetan.
2019ko Jasangarritasun Legearen bidez eskatu zion urte hartan Eusko Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien inguruko LPSa egitea Eusko Jaurlaritzari. Honek hitz eman zuen bi urtetan egina egongo zela, baina 2022an esleitu dio prozesu hori enpresa bati, bi urterako, hortaz gutxienez 2024ra arte ez da amaituko. EH Bilduk salatu zuenez "argi dago ez dela legealdi osoan onartuko, eta litekeena da 2025era arte atzeratzea".
Halako plan sektorial bat izatea ezinbesteko jotzen dute eragile eta alderdi ugarik, berriztagarrien sektorean desarautze nabarmena dagoelako eta urteotan zentral eolikoak eraikitzeko proiektuak izugarri biderkatu direlako han eta hemen.