argia.eus
INPRIMATU
Energia berriztagarrien inguruko hitzaldia emango du Antonio Turielek Donostian, talde ekologistek gonbidatuta
  • Satorralaia, Haritzalde, Uliako Baratzak eta Ekologistak Martxanek gonbidatuta, Antonio Turiel zientzialari eta ikertzailea Donostian izango da maiatzaren 2an Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai izeneko hitzaldia emateko.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 28a
Antonio Turiel ikertzaile eta energian aditua. Argazkia: Wikipedia CC BY-SA

Energia berriztagarrien inguruan duen ikuspegi kritikoagatik eta egiten ari den dibulgazio lanagatik ezaguna da Antonio Turiel CSICeko zientzialari eta The Oil Crash blogaren sortzailea. Bere Petrokalipsia liburuak –berriki Txalaparta argitaletxeak euskaraz kalera emana– arrakasta izan du, zalantzan jartzen dituelako erregai fosilen inguruan dauden hainbat uste. Sin Energia liburuan, berriz, epe motzean energiaren arloan izango ditugun auzi eta gatazkak azaltzen saiatu da.

Turiel Donostian izango da maiatzaren 2an, asteartearekin, energia berriztagarrien eta zentral eolikoen inguruko hitzaldia ematen, Uliako Mintegetako Parkean arratsaldeko 7:00etan. Satorralaia, Haritzalde, Uliako Baratzak eta Ekologistak Martxanek antolatu dute ekitaldia.

Azpimarratu dutenez, ikertzaileak energia berriztagarriek dituzten mugez ohartarazten du: "Energia-krisiaren irtenbide bakarra gure energia-kontsumoa murriztea da. Ez da munduaren amaiera: mundu harrapari eta suntsitzaile jakin baten amaiera da, eta, funtsean, hobe da holakorik gehiago ez izatea", azaldu du Turielek berak.

Zentral eolikoek eta fotovoltaikoen hedapenarekin "eztabaida ugari pizten ari direnean", antolatzailek hrritarrak gonbidatu dituzte hitzaldira joan eta informazioa lehen eskutik jasotzeko.

Zumaian eta Azpeitian ere bai

Donostian ez ezik, datorren astean beste hainbat herritan hitz egingo du Turielek. Hala, Zumaian maiatzaren 3an izango da, Piztu Kooperatiba S.-k antolatuta Aita Mari antzokian. Eta Azpeitian maiatzaren 4an Soreasu antzokian, eskualdeko talde ekologista eta mendi elkarteen eskutik; kasu honetan Antonio Aretxabala geologo eta ikerlariarekin batera.