argia.eus
INPRIMATU
Energetikoei zerga berezia kentzeak bateratu egin ditu PP, Vox, EAJ eta Junts
  • Ostegun honetan lau indar politiko horiek ezezkoa eman zioten enpresa energetiko handiei behin-behinean jarritako zerga luzatzeari. Ukrainako gerraren ondoren energiaren multinazionalek izandako irabazi handiei jarri zien zerga berezia Espainiako Gobernuak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko abenduaren 20a
Miriam Nogueras eta Aitor Esteban Sabin Etxean. EFE

Zerga energetikoa Espainiako Gobernuaren ardatzean egon da 2025eko Espainiako Aurrekontu Orokorretan. Madrilgo Gobernuak luzatu nahi zuen energetikoei jarritako zerga, eta horretarako Podemos, ERC, EH Bildu eta BNGren sostengua zuen. Legealdian zehar gobernua sostengatzen ari diren EAJk eta Juntsek argi adierazi zuten ez zutela horrelakorik ahalbidetuko eta horrela izan da.

Ondorioz, PP pozarren azaldu da Pedro Sánchezen gobernuaren ekimena bota ahal izan dutelako, eta adierazi du gertatu beharrekoa gertatu dela, “eskuineko alderdiak batzea”. Popularrak behin eta berriro erakutsi nahi dute EAJk eta Juntsek berdintasun ideologiko gehiago dituztela haiekin gobernua sostengatzen dutenekin baino.

EAJk eta Juntsek, funtsean, argudiatu dute multinazional energetikoak deskarbonizazioa bideratzen ari direla eta datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko dituztela alor horri begira. Gainera, zeregin hori laguntzeko era guztietako erakundeetatik laguntzak bideratzen ari zaizkiela bide hori laguntzeko eta, beraz, ez duela zentzurik ahalegin hori zergez zangotrabatzea.

Orain ikusi beharko da Sánchezen Gobernuak nola asebetetzen dituen bere ezkerreko bazkideak, 2025eko aurrekontuetarako haien sostengua eskuratzeko, energetikoen zerga luzatuko zuela agindu baitzien. Gobernuak aurreratu die dekretu-bidez mantenduko dituela energetikoen zergak 2025ean ere, baina eskuineko indarrek diote ezin direla zergak dekretu bidez aldatu. Gobernuaren ustez, alabaina, zergen izaera aldatzeko ez, baina luzatzeko besterik ez bada hori posible da. Datorren astelehenean egingo du gobernuak urteko azken batzarra, eta orduan onartuko ei du dekretu entzutetsua.

EAEko aurrekontuetan eragina

Ikusi beharko da nola geratzen diren 2025eko Espainiako aurrekontuak, baina azkenean energetikoen zerga barik aterako balira, ostiral honetan onartzen diren EAEko Aurrekontu Orokorretan 67 milioi gutxiago izango dira horren eraginez, Gara-ko Iñaki Iriondo kazetariak idatzi duenez.

EAEko Aurrekontu Orokorrak ostiral honetan onartuko dira EAJren eta PSEren sostenguarekin: 15.728 milioi eurokoak izango dira, iaz baino 703 milioi gehiago (%4,7). Horietatik Foru Aldundiek jartzen dute 12.686 euro, eta gainerakoa Jaurlaritzak biltzen du. Irekiako lotura honetan kontsulta daiteke aurrekontua.

Nafarroako Aurrekontu Orokorra: 5.987 milioi euro

Ostegun honetan onartu zen aurrekontua Nafarroako Legebiltzarrean, iazkoa baino %2,6 handiagoa, PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekinen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin, eta UPN eta Voxen aurkako botoekin. Aurrekontuek argi islatzen dute Nafarroako azken hamarkadako gehiengo politikoa: jadanik, hamar aurrekontu jarraian onartu dira molde berean, lehenengo lauak Uxue Barkosen gobernuarekin eta azkeneko seiak María Chiviterenarekin.

Hiru foru aldundietan ere ostiral honetan onartuko dira aurrekontuak. Araban eta Bizkaian EH Bilduk onartu egin du EAJ eta PSErekin emendakinak negoziatzea eta, aldiz, Gipuzkoan ez da akordiorik egon, eta jeltzaleek eta PSEk PPrekin aterako dituzte aurrera aurrekontuak.