argia.eus
INPRIMATU
Eneko Olasagasti: “Jaurlaritzak ez du kulturgileentzat diru-partida berririk aktibatu”
  • Euskal kulturgintzan deitutako greba digitalak bigarren eguna du asteazken honetakoa. Bi egunez eduki kulturalik ez eskaintzeaz gain, oraingoz hartu diren neurri politikoak baloratzeko baliatu dute.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 22a
Eneko Olasagasti zine zuzendaria.

Greba digitalarekin bat egin duen sortzaileetako bat da Eneko Olasagasti zinegilea eta haren adierazpenak jaso ditu Naiz-ek. Oso kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzak joan den asteazkenean, greba digitala deitu zen egun berean, iragarri zuen diru-laguntzarekin.

Sektoreko langileek jada egin dituzten laguntza-eskaerak iragarritako 2,5 milioiak baino askoz handiagoak direla nabarmendu du eta, gainera, Jaurlaritzak iragarritako laguntza ez dela partida berri bat, Lanbidera bideratuta zegoen partida bat baizik. “Ez dira ari aktibatzen dagoeneko zegoenaz gain beste partidarik, leku batetik kendu eta bestean jarri dute”.

“Neurri urgenteak” eskatu ditu Olasagastik adierazpen horietan, kulturgintzan egoera aurretik ere prekarioa zelako eta gaineratu zuen egoerari buelta eman ezean sektoreko langile asko “pobrezia sozialaren” barruan geratuko direla.

Greba digitalarekin bat egin duen jende kopurua zenbatekoa izan den zenbatzea zaila dela adierazi du Olasagastik, deialdia sinatu duten 1.000 lagunetik gorako zerrendaz gain, beste pertsona askok, kulturgintzako langileak izan edo ez, uko egin diotelako egunotan eduki kulturalak partekatzeari eta greba deialdiaren afixa jarri dute euren sareetan.