Leitzan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdena. Ander Aranburuk aurkeztuta, sei bertsolari aritu dira kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Saats Karasatorre Martinez, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Eneko Lazkoz Martinez, Bittori Elizalde Soto eta Fernando Ziganda Urdanpilleta. 200 entzule inguru elkartu dira Leitzako Herri Aretoan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioa zuzenean entzuteko.
Saioko ariketa puntuagarriak behin eginda, Eneko Lazkozek eskuratu du epaileen puntu gehien (354,5), eta hortaz, saioa irabazi eta Lesakako finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo (325,5), Saats Karasatorre (323,5), Endika Legarra (291,5), Bittori Elizalde (286) eta Fernando Ziganda (278). Zehazki, horrela gelditu da saioaren puntuazioa:
Finalaurrekoak osatuta
Gaurko saioak bazuen beste interes bat ere, faseko azkena izaki, gaur argitu baita finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Lau final-laurdenetako irabazleei puntuazioaren araberako hurrengoa 14 bertsolariak gehitu zaizkie. Zehazki, hauek dira finalaurrekoetara sailkatutako bertsolariak:
Gauzak horrela, osatu dira finalaurrekoetako hiru saioak, seina bertsolarirekin. Azaroaren 4ean Altsasun, azaroaren 11an Agoitzen eta azaroaren 19an Lesakan jokatuko dira hiru saio horiek. Horietatik denetik, zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 2ko Iruñeko finalera. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.