argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Bertsolari Txapelketan Eneko Lazkozek eta Joanes Illarregik egin dute aurrera
  • Tafallako final-laurdenean nagusi izan da Eneko Lazkoz Etxarri Aranazko bertsolaria, eta ondorioz, azaroaren 6an Berriozarren izango den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu du. 150 lagun inguru bildu dira urriaren 9an Tafallako Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Bestalde, Joanes Illarregi Leitzako bertsolariak finalaurrekoetarako sailkatzea ziurtatu du, urriaren 9an Eneko Lazkozek eta aurreko asteburuan Eneko Fernandezek egin bezala. Ia 200 lagun elkartu dira urriaren 10ean Zangozako Karmengo Auditorioan, ekitaldia jarraitzeko.

Bertsozale.eus @bertsozale 2021eko urriaren 11
Eneko Lazkoz bertsotan. Argazkia: bertsozale.eus.

Tafallan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena. 150 lagun inguru bildu dira bertan, saioa zuzenean ikusteko. Oholtza gainean, sei bertsolari, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tafallako Udalaren laguntza izan du saioa antolatzerako orduan.

Sei bertsolari horietatik, Eneko Lazkoz Martinezek eskuratu du puntu gehien (357,5), eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako urratsa eman du; zehazki, azaroaren 6an Berriozarren izango den bigarren finalaurrekoan izango da Etxarri Aranazko bertsolaria. Bere atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza Guallar (356), Erika Lagoma Pombar (350,5), Alazne Untxalo Erregerena (320), Ekhiñe Zapiain Arlegi (316) eta Urko Gartzia Aleman (272). Horiek denek final-laurdenetako fasea bukatu bitarte zain egon beharko dute, hurrengo fasera pasatzen diren ala ez jakiteko. Oraingo 24 bertsolarietatik, 18k egingo dute aurrera.

Honela geratu da saioaren puntuazioa:

1. Eneko Lazkoz Martinez. 357,5

2. Saioa Alkaiza Guallar. 356

3. Erika Lagoma Pombar. 350,5

4. Alazne Untxalo Erregerena. 320

5. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 316

6. Urko Gartzia Aleman: 272

 

Joanes Illarregik irabazi du Zangozako final-laurdena

Joanes Illarregi bertsotan. Argazkia: bertsozale.eus.

Zangozan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, Karmengo Auditorioa bete duten ia 200 lagunen aurrean. Han izan dira bertsotan Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Zigor Gartzia "Zian" aritu da gai-jartzaile, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Zangozako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioan.

Bertsolarien artean, Joanes Illarregi Marzol (349) izan da puntu gehien eskuratu duena, eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pasea ziurtatu du. Zehazki, azaroaren 14an Leitzan egingo den hirugarren eta azken finalaurrekoan izango da Leitzako bertsolaria. Haren atzetik gelditu dira Xabat Illarregi Marzol (344,5), Sarai Robles Vitas (329,5), Xabier Silveira Etxeberria (328), Mikel Lasarte Cia (314) eta Oier Lakuntza Irigoien (300,5). Horiek final-laurdenen fasea amaitutakoan jakingo dute finalaurrekoetan izango diren ala ez; oraingo 24 bertsolarietatik 18k lortuko dute sailkapena.

Honela geratu da saioaren puntuazioa:

1. Joanes Illarregi Marzol............349
2. Xabat Illarregi Marzol..............344,5
3. Sarai Robles Vitas.................329,5
4. Xabier Silveira Etxeberria.........328
5. Mikel Lasarte Cia....................314
6. Oier Lakuntza Irigoien.............300,5

Heldu den larunbatean jokatuko da laugarren eta azken final-laurdena, Donezteben. Han izango dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba, Maialen Belarra gai-jartzaile dela. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.