argia.eus
INPRIMATU
Eneko Larrarte Tuterako alkategai izango da berriz
  • Orain arte Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusia izan da, eta bere borondatez kargua utzi berri du, datozen maiatzeko udal hauteskundeetan Tuterako alkategai izateko Zurekin-Nafarroa hautagaitzaren izenean.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 14a
Eneko Larrarte. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Eneko Larrarte Tuterako alkate izan zen 2015-2019ko agintaldian, Ezker Batua alderditik aurkeztuta. 2019ko hauteskundeetan, ordea, Navarra Sumako Alejando Toquerok gehiengo osoa lortu zuen eta alkatetza irabazi.

Larrarte, orduan, Jose Mari Aierdi kontseilariak gidatutako Etxebizitza sailera jo zuen, eta orain utzi duen zuzendari postua hartu. Horrek desadostasunak ekarri zizkion bere alderdiarekin, eta Ezker Batutik kanporatu zuten, alderdia ez zegoelako ados gobernuan sartzearekin.

Orain, aldiz, Ahal Duguk, Ezker Batuak eta Batzarrek joan den uztailean sortu zuten Zurekin-Nafarroa koalizioaren baitan aurkeztuko da Larrarte. Oraindik ez dute izenik aipatu, baina Nafarroako Legebiltzarrerako hautagaia izango da Ahal Dugukoa, eta Iruñeko Udalekoa Batzarrekoa.