Donostian "etxebizitza larrialdia" bizi dela aldarrikatu du EH Bilduk eta horri aurre egiteko urgentziazko bost neurri proposatu: alokairuaren prezioa mugatzea, etxe kaleratzeekin amaitzea, funts putreak hirian non grato izendatzea, etxebizitza turistiko berriei moratoria jartzea eta etxebizitza soziala bermatzea. Igandean Garibai kalean egindako ekitaldiarekin borobildu dute hilabetez luzatu den dinamika.
Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaleak argi du: Eneko Goiak orain zenbait hilabete elkarrizketa batean esandakoak –"zeure auzoan zahartu nahi izatea pixka bat fina da"– ongi laburbiltzen du hiriko alkateak nola ikusten duen hiriaren etorkizuna. "Imajinatzen al du inork gure inguruko edozein herri edo hiritako alkateren bat, bere gazteei etorkizuna bere ingurunetik urrun dagoela esanez? Horixe da Goia jaunak pentsatu, esan eta egiten duena", adierazi du hiriko erdigunean eginiko ekitaldian.
Hiriko datu sozioekonomikoak gizarteratzen aritu da EH Bildu kanpaina honekin. Besteren artean, Eneko Goia alkate denetik alokairuak %35 igo direla hirian, 45 bat hotel berri ireki edo irekitzeko baimena eman dutela, etxe kaleratzeak hasi direla berriro eta funts putreak herritarrak jazartzen ari direla.
Horren aurrean, Reyes Carrerek defendatu du bestelako etxebizitza-politika publiko batzuei aukera eman behar zaiela: "EH Bildun badakigu arazo konplexua dela eta ez dagoela irtenbide magikorik. Baina ezin da gure etorkizuna merkatuaren gorabeheren esku utzi, inbertsio-funtsen eta espekulatzaile profesionalen eskuetan. Jendea lehen planoan jarriko duten politika publikoak behar ditugu. Etxebizitzarako eskubideak espekulatzeko eskubidearen gainetik egon behar du".
Ekitaldia Garibai kalean egin dute, lehen herritarrak bizi ziren etxebizitza bloke bat apartamentu turistikoen eraikin bilakatu dutelako eta hori delako, EH Bilduk salatu duenez, nahiz eta Goiak esan ez zutela lizentzia gehiago emango, ondoren baimendutako proiektua da. "Donostian etxebizitzarekin gertatzen ari denaren sinbolo bat da", esan du EH Bilduk.
Ondorengoa proposatu du EH Bilduk:
1 - Alokairuaren prezioa mugatzea. Goia alkate denetik, %35 garestitu da alokairua, eta goraka jarraitzen du. Legearen bidez prezioak mugatu behar dira, jendea bere auzoetatik bota ez dezaten.
2 - Stop etxe kaleratzeak. Martxoaren 22an, Azora funts-putreak bere lehen maizterra kaleratu zuen Donostian. Iñakik ezin izan zion aurre egin inposatutako %33ko gehiegizko igoerari. Itxura guztien arabera, kaleratze gehiago egongo dira. Donostiak "etxe kaleratzerik gabeko hiria" izan behar du berriro.
3 - Funts Putreak kanpora. Egoera okertu egin da etxebizitzarekin espekulatzea helburu duten inbersio-funtsak Donostiara iritsi zirenetik. Hirira espekulatzera etortzea, eta lotsarik gabe horretara etorri direla adieraztea, elkarbizitzaren aurkako eraso zuzena da EH Bilduren ustez.
4 – Alojamendu turistiko berriak izoztu. Goiak onartu du 45 hotel inguru ireki direla bere agintaldian. Lehen solairutik gorako ehunka pisu turistiko legeztatu ditu. Eta horrek guztiak etxebizitzaren prezioan eragin handia izan du.
5- Etxebizitza soziala bermatu. Milaka donostiar daude etxebizitza publiko baten zain, eta askok kanpora joan behar izan dute bizitzera. Alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitu behar da, etxebizitza hutsak eraikiz, birgaituz eta etxe hutsak merkatura ateraz.
Garibai kalean egin duten ekitaldiarekin amaitu dute hilabete luzatu den dinamika, non antolatu dituzten hitzaldi, ibilaldi eta mahai inguruak. Besteren artean, Bartzelonan etxebizitza turistikoen goraldia nola geratu zuten jorratu dute Javier Buronekin (Bartzelonako Udaleko etxebizitza publikoko zerbitzuen arduraduna) eta Berlingo herri-erreferendumaz hitzaldia edo Alde Zaharrean eta Grosen ibilaldi gidatuak egin dituzte –Free Tour izenburupean–, turistifikazioaren ondorioak azalduz.