argia.eus
INPRIMATU
Eneko Goia: “Infernuak izenari ohore egiten dio, eta han zegoena ez da defendagarria duintasunaren aldetik”
  • Infernua hustearen inguruan galdegin diote asteartean Eneko Goia Donostiako alkateari. 60 pertsona etxegabetu izana egokia iruditzen zaion, eta SOS Arrazakeria elkartearekin harremanetan jartzeko asmorik duen galdetu diote. Hauxe izan da bere erantzuna: “Lehenengo gauza, ez dakit Infernua ezagutzen duzuen. Izenari ohore egiten dio, eta han zegoena ez da defendagarria duintasunaren aldetik”.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Inaxio Esnaola 2020ko azaroaren 12a
(Argazkia: Donostiako Udala)

Alkateak aitortu zuen Infernua eremuan etxebizitzak egiteko asmoa duela udalak, eta horien erdiak babes ofizialekoak izango direla. “Egia da ere, momentu jakin honetan hustea ez dela udalaren erabakia izan. Jabeek eskatu zuten eta epaileak eman zuen erabakia. Beraien arrazoiak izango zituzten horretarako, eta hor ez naiz sartuko”, gaineratu zuen Goiak.

Etxegabeen aferari dagokionez, alkateak esan zuen udalaren “obligazioa” dela eman daitezkeen egoeren aurrean erantzutea. “Infernuan bizi zirenek ez dute ezaugarri berezi bat. Gainerako etxegabeen maila berean daude. Udalak baliabideak eskaintzen ditu, eta eskatu ditzakete. Zehazki, 227 plaza daude eskura, eta une honetan 194 daude okupatuta”, azpimarratu zuen. Horrekin batera, Goiak adierazi zuen etxegabeen arazoa “oso konplexua” dela. “Gure inguru urrun eta hurbilean gorantza doan arazo bat da. Ez da erraza izaten ari erantzun bat ematea, aitortzen dut. Dena dela, erantzuna ematekotan bateratua izan behar da”.

Martxoko konfinamenduari erantzuteko, udalak baliabide bereziak jarri zituen etxegabeentzat. Gizarte Ekintzako sailaren bidez, milioi eta erdi gehiago jarriko dutela azpimarratu zuen. Ordea, Donostiak “bakarrik” baliabideak jartzea, eta “besteek ez”, ez zaio egokia iruditzen. “Martxoko konfinamenduan artatu genituenetatik %50 inguru beste leku batzuetatik etorritakoak ziren. Obligazioa dugu denok laguntzeko, eta bakoitzak bere mailan erantzun behar du”, azaldu zuen Goiak.