Azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. 100 lagun inguru bildu dira urriaren 2an Izabako zineman, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari hasiera emateko.
Izaban abiatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Nafar Pirinioan. 100 lagun inguru elkartu dira Erronkari bailarako herriko zineman. Haien aurrean aritu dira Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Idoia Granizo Uribarrena, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Endika Legarra Nuin. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Izabako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa.
Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Fernandezek eskuratu du puntu gehien (347), eta hortaz, azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Endika Legarra (315,5), Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5)
Honela geratu da saioko puntuazioa:
Eneko Fernandez Maritxalar: 347
Endika Legarra Nuin: 315,5
Julen Zelaieta Iriarte: 305
Patxi Castillo Graciarena: 300,5
Idoia Granizo Uribarrena: 292
Aitor Irastortza Arrizurieta: 272,5
Heldu den larunbatean, urriaren 9an, izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak Tafallako Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman, Ander Aranbururen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.