argia.eus
INPRIMATU
Eneko Etxeberria: “Hitz bakarrean, inpunitatea bilatzen du Gobernuak”
  • Maiatzaren 30ean Nafarroako Gobernuak zenbait biktimaren aitortza egin zuen eta senitartekoek Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Horien artean, Mikel Zabalza eta Mikel Arregiren familiak. ‘Naparraren’ anaiak ere egina du eskaera hori. Eneko Etxeberria ‘Naparraren’ anaiaren erantzuna jaso du Euskalerria Irratiak.

     

Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko abuztuaren 21a
Argazkia, Euskalerria Irratiaren webgunetik hartua.

Ez nahi adina eta ez nahi bezain azkar baina Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko gaia mugitzen ari dela dirudi. Hala ere, "ezkor" agertu da Eneko Etxeberria ‘Naparraren’ anaia. "Estatuak mantendu behar du berak eragindako mina eta biolentziaren berri izateko eskubide hori", adierazi du Etxeberriak. Aitortu du, halere, ez dela "gobernu baten edo besteren kontua", ezkutatzeko asko baitute eta "Estatuak Sekretu Ofizialen Legeaz baliatzen da estaltzeko". Frankismo garaia, Trantsizioa eta ondoren ere egin direnak estali nahi dituela gaineratu du Etxeberriak, "hitz bakarrean, inpunitatea bilatzen du Gobernuak".

"Gizartearen gehiengoak eskatzen duen zerbait da. Zer gertatu zen jakiteko eta gauzak argitzeko eskubidea dugu", nabarmendu du Etxeberriak. Zehazki, haren anaiari gertatukoa ezagutzeko ahaleginak ekarri ditu gogora.

Ekainean, Joxe Miguel Etxeberria ‘Naparra’ desagerrarazi zutela 44 urte bete ziren. Informazio gutxirekin, azken urteotan bilaketa lanak egin dituzte senideek. Azkena, apirilean izan zen, Frantzian egin zituzten bilaketa horiek, testigantza batzuen bidetik haraino eraman zituztelako; bilaketak ez zuen emaitzarik eman. Izan ere, ez dute lagungarri izan daitekeen inolako dokumentu ofizialik jaso. Txosten eta dokumentuen zain, Etxeberriak aurreikusten du instituzioen asmoa dela "kasua bertan behera uztea, erantzunik eman gabe". Entzun: