argia.eus
INPRIMATU
Eneko Compainsen tortura salaketa berriro ikertuko dute epaitegiek
  • Auzitegi Konstituzionalak agindu du, Iruñeko Auzitegiak salaketa artxibatu ostean. Iruñeko Auzitegiak egin gabe utzi zituen diligentzia batzuk eta horiek egin beharko ditu.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko maiatzaren 03a
Eneko Companys, Nafarroako Legebiltzarrean. (Argazkia: Euskalerria irratia)

Berriz ikertuko dituzte Eneko Compainsen tortura salaketak. Hala agindu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, aintzat hartu eta gero Iruñeko Auzitegiak ez zituela zenbait diligentzia egin: Compains berari, auzi medikuari, ofizioko abokatuari eta atxilotu zuten guardia zibilei ez zien deklaraziorik hartu. Konstituzionalaren aginduaren harira, orain deklaratuko dute. Horrek ez du esan nahi, baina, epaiketa eginen denik. 

Compains 2010ean eraman zuen atxilo Guardia Zibilak, Ekineko kide izatea leporatuta eta bi urte eman zituen espetxean. 

"Tortura basatiak" jasan zituzten sarekada horretan atxilotutako seirek, poltsa jarri zietela, kolpatu eta mehatxatu zituztela salatu zuten.

 

 

 

 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta