argia.eus
INPRIMATU
Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria
  • Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 30
Argazkia: Heidi Otaduy

Asteartean jakinarazi du 111 Akademiak urtero ematen duen sariaren irabazlea. “Literaturazaleen bilgune” gisa izendatzen du bere burua akademiak, 218 kide ditu une honetan, eta 123k hartu dute parte aurtengo sariduna izendatzeko bozketan. Zazpi lanen artean hautatu zuten hasiera batean. Bidegain eta Jaioren nobelez gain, Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka, Miren Agur Meaberen Itzulerak eta Josebe Blancoren Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain, azken hori ARGIAk argitaratutakoa. Finaleko bozketara Jaio eta Bidegainen obrak pasa ziren, eta azken horrek irabazi du. “Bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte”, azaldu du akademiak saria jakinarazteko oharrean.

"Istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa"

Hau da 11 Akademiak Bidegainen Bichta éder liburuaz egin duen kritika: “Hari askotako bilbea harilkatu du Eneko Bidegainek eleberri honetan. Bihurgune askotako istorioa. Pertsonaia eta gai aunitz dituen kontakizuna. Thriller politikoa, non eta lur eta eraikuntza espekulazioa, turismoa eta nekazalgoa, euskara eta hizkuntza nagusia, Aljeriako gerra eta negozio zikinak, ETA eta estatuko krimenak, Lapurdi eta antzinako Nafarroa, nagusiak eta menekoak gurutzatzen diren, eta bi protagonistek Altzugaraia jauregia turismo egitasmo espekulatzaile bihurtzearen kontra bere borroka bilakatzen duten. Istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa, eta egileak kontakizunaren amaiera maisuki gibelatzen duena behin eta berriz ere irakurlearen jakin-minaren irrikari bazka emanez”.

"Agertzen diren gertakariak fikziozkoak dira baina gisa berdintsuzko gauzak egiazki gertatu dira. Dokumentazio lan bat da", adierazi zion Bidegainek berak Nora Alberbideri akademiaren webgunean bertan argitaratutako elkarrizketa honetan.

Aurtengoa 111 Akademia Sariaren 28. edizioa da. 1996an eman zuten lehenbiziko aldiz. 1996 Joxean Agirreren Elgeta-k irabazi zuen orduan, eta iaz Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea-k. Bidegaini saria emateko ekitaldia ekaina hasieran egingo duela jakinarazi du akademiak.