Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak uste du diru gehiago behar dutela euskal hedabideek eta diru hori hizkuntza politikakoa ez den beste aurrekontu poltsetatik etorri beharko litzatekeela.
Komunikabideen balio sozialaz jardungo dute asteazkenean MUko Ikus-entzunezkoen campusean eta horren harira elkarrizketa egin diote Bidegaini Goienan.
Tokikom elkarteko eta Berriako kideak egongo dira bertan MUko irakasleekin batera.
Horiez gain, Andaluziako eta Kataluniako tokiko hedabideen errealitateaz eta funtzioaz ere jardungo dute handik etorritako adituek.
Azken aldian Jaurlaritzak hedabideei diru laguntzak emateko jarritako irizpideen gainean polemika sortu da eta horren harira Bidegainek zera esan du: "Oinarrizko arazoa, eta hedabideen artean urduritasuna sortzen duena da banatzeko dagoen diru poltsa ez dela nahikoa. Dagoen hedabide kopuruarendako txikia da, behinik behin."
MUko irakasleak uste du hedabide batzuei besteei baino balio handiagoa ematea “arriskutsua" dela eta ez dela batere mesedegarria euskarazko hedabideentzat.
Balio soziala
Bidegainen iritziz euskarazko hedabideek ekarpen sozial ugari egiten dizkiote gizarteari, "ez hizkuntza ekarpena soilik".
Besteak beste, zenbat lagunengana heltzen diren, euskarari ze ekarpen egiten dioten, informazioaren zabalkundea zenbatekoa den eta hiritartasunari zer ekarpen egiten dioten aztertu nahi dute.
Euskal hedabideek inguruari egiten dioten ekarpen ekonomikoa ere aztertuko dute: zenbat zerga ordaintzen duten, gizarte segurantzan zenbat kotizatzen duten, zeharkako zenbat enplegu sortzen dituzten....
Funtsean erakutsi nahi dute, euskarazko hedabideak diruz laguntzea ez dela izan behar soilik hizkuntza politikaren kontua. “Hezkuntzan, gizartearen ehuntzean eta ekonomian ere eragina duela frogatzen badugu, argi geratuko da, gizarteari ekarpen handia egiten dion sektore ekonomikoa dela euskarazko hedabideena”.