PSE-EEren zuzendaritza berriak alderdikideen %95en onespena jaso du. Anduezak proposatutako Batzorde Exekutiboan aurreko 26 kideetatik zortzi aurpegi berri daude soilik.
PSE-EEren hamargarren kongresuak Eneko Andueza berretsi du alderdiko idazkari nagusi gisa, kargura aurkeztu den hautagai bakarra. Ostiraletik igandera bitartean Donostiako Kursaal jauregian eginiko euskal sozialisten bilgunea Anduezaren hitzartzearekin amaitu da, zeinetan alderdia etorkizuna gidatzeko "gai eta prest" dagoela adierazi duen: "Historiarako kongresua izan da, ilusioaren, indarraren, ideien eta itxaropenaren kongresua".
PSE-EEren Batzorde Exekutiboak presidente kargua berreskuratu du, 2021ean Idoia Mendiaren lekukoa hartuta Andueza idazkari izendatu zutenetik alderdi sozialistak ez baitu presidenterik izan. Cristina González aukeratu dute kargurako, egun Arabako sozialisten idazkari nagusia dena. Besteak beste, Miguel Ángel Gonzálezek eta Begoña Gilek batzordean jarraituko dute Antolakuntza eta Erakunde Politika arloak zuzenduz, hurrenez hurren, eta aurrerantzean Denis Itxaso Etxebizitza idazkari nagusia izango da.
Batzordean sartuko dira, esaterako, Jon Nogales Arabako foru diputatua, Politika Ekonomiko eta Eraldaketa Digitaleko Idazkaritzan hain zuzen ere; Susana García Chueca Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren arduradun gisa; Ana López Uralde Berdintasuneko idazkari gisa edota Estíbaliz Canto Hezkuntza eta Kultura arloko buru gisa. Guztira 30 kidek osatuko dute euskal sozialisten zuzendaritza berria, horietatik hemezortzi gizonezkoak eta hamabi emakumezkoak.
EH Bilduren proposamenari ezezkoa
Anduezak azaldu duenez, alderdiaren helburua euskaldunen kezka-iturri nagusiak konpontzea da: aipatu ditu, besteak beste, "neurria emango duen" Osasun Publikoa, pertsona orok izatea etxebizitza duin baterako sarbidea, "lanpostu duinagoak" eta "berdintasun handiagoa".
EH Bilduk aurreko astean EAJri eta ezker konfederalari zerrenda bateratuak osatzeko proposamena luzatu zieten, Espainiako eta Europako hauteskundeetara begira. Proposamena kritikatu du PSE-EEko idazkari nagusiak: "Ez dugu nahi, beste batzuek bezala, fronte komunen Euskadi. Iraganean gertatu zen hori, eta badakigu nola amaitu zen".