Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia bere alderdikideez inguratuta agertu da jendaurrean udal eta foru hauteskundeen balorazioa egiteko. Eskerrak eman dizkie alderdi sozialistari botoa eman dioten herritar guztiei, “zuei esker modu eztabaidaezinean jarraitzen dugu izaten abertzalea ez den ezkerreko lehen alderdia Euskadin”, esan du.
“Lortu dugu alderdi sozialistaren mezua iristea Euskadiko txoko guztietara, merezi duen indar eta arreta guztiarekin”, azaldu du Anduezak. Emaitzen balorazio “oso positiboa” egin du PSE-EEko politikariak.
“Duela lau urte esan genuen emaitza haiekin herritarren konfiantza irabazi genuela. Gaur esan dezakegu pauso bat gehiago eman dugula eta konfiantza hori berretsia izan dela beste behin boto-kutxetan. Eta esan dezakegu gaur Euskadi sozialistagoa dela, eta gure udalek eta gure diputazioek ezkerrerago begiratzen dutela”, aldarrikatu du txalo artean.
EAJren eta EH Bilduren artean “oso polarizatua” egon den kanpaina izan dela nabarmendu du Anduezak, eta hauteskundeak bi alderdi horien arteko lehia bat bezala aurkeztu nahi izan dutela, baina “emaitzek arrazoia kendu diete”.
EAJ eta PSEren arteko itunek EAJri kalte egin ote dioten galdetzean, idazkari nagusiak gaineratu du orain denak haien eksuetan daudela eta alderdi guztiekin hitz egin beharko dutela etorkizuna zein izango den erabakitzeko.
“Alderdi sozialista tokia aurkitu du garbi uzteko beste behin hau herri plurala dela, eta herritarrek aniztasun hori nahi dutela”. PSE-EEk irabazi ohi duen eta irabazi duen hainbat udal esanguratsutako emaitzak azpimarratu ditu Anduezak, Ermua edo Portugalete kasu.
Gasteizen Maider Etxebarriak lorturiko emaitzak ere aipatu ditu –bigarren gelditu da sei eserlekurekin, EH Bilduren atzetik–. “Sozialistak inoiz baino erabakigarriagoak gara gure lurraren etorkizunerako”, esan du.
“Euskal sozialisten partetik, eskerrik asko eta gabon guztioi. Aurrera!”, oihu eginez amaitu du bere hitzartzea Anduezak.